viernes, 5 de octubre de 2012

Pote-pintxo




Taberna baten kanpoko eremuan jende asko ikusiz gero badakigu “pintxo-pote” eguna ospatzen dutela bertan (pintxo nahiz tragoa euro bat edo bi euroren truke). Formatu berri hau zabaldu da gure tabernetan krisiaren alde beltza konpensatzeko ideia fresko bat bezala. Eta lortu dute jendearen bihotza eta sabela konkistatzea. Hitza bera ere samurra, sonoroa eta tentagarria baita: pintxo-pote. Fenomeno honek esango nuke asko duela erakusteko gure artean. Beharra dagoenean pizten baitira ideiarik onenak gure garunetan. Argi geratzen ari da -nabaritzen denez- krisiak ere negozio-behar berriak sortu dituela “Compro oro” dioten dendez gain. Watsup telefono aplikazioa adibidez txintik esan gabe barreiatu da gure mugikorretan bestelako mezu eta deien kostuak aurrezten ditugun aitzakiarekin. Momentuko mezuak, doan eta gainera mundu osora bidaltzeko askatasunarekin. Ez dakit gabeziak sormena astintzen duen ala ez baina ni pintxo-pote formatua beste sektore batzuetara barreiatuko ote den zain nago irrikaz eta itxaropentsu: esperientzia baten eskaintza, prezio onean eta egutegiko egun konkretu batean.

Kultura-mundua krisi garai honetan pairatzen ari dena kontutan hartuta, alor horretako negozioek euren “pote-pintxoa” asmatuko ote duten galdetzen diot nire buruari. Zinema, literatura, musika... hamaika esparru dago horren beharrean. Aukera ezin hobe baten aurrean gaude forma berriak asmatzeko jendea inoiz baino irekiago baitago aldaketara.
Ezin da argudiatu sabelaren beharrak lehen mailakoak direnik zeren horretarako dilistak, garbantzuak eta babarrunak ditugu etxean eta jendea ederki irteten da kalera tabernetara bidean. Ostera agian krisiak duen alderdi tristeena ere horixe da: sormena ere krisian utzi duela eta kaleak txinatarren dendez eta “Compro oro” dioten dendez josi direla. Ez al dira hiri guztietako kaleak berdinak?

Pentsatzea libre denez nik amets egiten dut zinemetan pelikula motzagoak jartzen dituztela eta prezio erdian asteko egun batean. Imajinatzen al dituzue zinemak jendez josita eta sekulako jende-ilara kaleetan barrena? Irudikapenak egiten hasita, liburuak jan egiten direla ere amestu dut. Orduan bilakatuko litzateke kultura lehen mailako behar bat ogia eta ardoa bezala. Hori baita kulturak pizten duen betiko galdera: lehen mailako beharra al da jatea eta edatea bezala?

Edonon entzuten da krisi honetatik aterako gaituena talentua izango dela. Horrela bada uste dut kulturak asko elikatzen duela dirdiratasun hori. Ideien iturria itzaltzen bada ez dago negozio berrietarako ekimenik, etorkizunaren giltza lapurtuta bagenu bezala izango da. Lotsagarria da, zentzu honetan, Las Vegas hiriaren sukursal berri bat irekitzearen proiektua. Hori al da behar garaiak ekarritako izerdiaren emaitza? Hori al da bururatu zaigun edo zaien gauzarik onena? Adibide honekin nabarian geratzen da ideiak ere krisian daudela eta gizakiaren behar ilunak asetzean pentsatzen jarri badira batzuk ez gaudela bakarrik ekonomia-krisi batean. Krisiaren puntu gogorretako bat bere hizkuntza ulergaitza baita ulerezina egiten duena. Ondorioak bakarrik baitzaizkigu ulerterrezak: ez dago lanik.

Eskerrak amestea eta blog honetan idaztea behintzat doan dela. Nik behintzat horrela jarraitu nahi baitut pote-pintxo horren zain, kulturaren eta progresoaren merkealdi edo ganga horien esperoan. 

Argazkia: Robert Frank

No hay comentarios:

Publicar un comentario