viernes, 4 de marzo de 2016

Veneziari begietara begiratuz gero



Donostiako zubiak: itsasotik hasita lehena, Zurriolako zubia. Barku batean gaudela dirudi bertan olatu artean harrapatzen bagaitu, bere farola itsastiarrak faroak izango balira bezala. Bigarrena, Santa Katalina zubia. Askatasunaren hiribidearen luzapena izanda hiriko bihotzera garamatzana, odol arteria garrantzitsu bat izango balitz bezala. Balizko gerrate batean, suntsitu beharreko puntu estrategikoa. Hiria hiltzeko lagunduko lukeena. Hirugarrena, Maria Kristina zubia. Hain atonduta eta barroko dagoelarik forma ederretan amets egitera zaramatzana. Tren eta autobus geltokien ondoan egonda kontutan hartzeko beste bilgune bat. Laugarrena, Mundaiz zubia. Ikasle asko jasotzen dituenez eta bere itxura modernoagatik, agian, gaztea dirudiena, nerabezarotik irten nahi ez duelarik, bere ondoan dagoen Federico García Lorca pasealekuak poeta hura ere gazte hil zela iradokiz. Bostgarrena, Agirre lehendakariarena. Amara auzoari ez ezik, Urumeari politikariaren korbata jarri nahi diona. Seigarren zubia, Realarena. Bere burdinezko egiturak futbol taldearekiko hiriaren maitasun suntsiezina aldarrikatuko balu bezala. Zazpigarrena, Mikel Laboa pasabidea. Loiolako Erriberak auzoa eta Cristina Enea lotzen dituena, zubia bera Laboaren kanten pentagrama bat bailitzan ibiltariari gogora ekarriz maite zuen txori hura, hegoa ebaki ez zion hura…

Hauek dira Donostiako zubiak, Urumea ibaiaren alde biak lotzen dituena. Hortik dator, ondotxo ikasi dugunez, zubien poetika: bi mundu batzen dituzte, bi maiteminduk eskutik emanda bat diruten bezala. Munduan hamaika zubi dauzkagu amets egitera garamatzatenak: San Franciscoko Golden Gate zubia, Florenciako Vecchio zubia, Brooklyn zubia New York-en, London-eko Tower Brigde, Pragako Carlos zubia,… etxera itzulita baita Bilboko Bizkaia ere. Zubi hauek guztiek bi puntu lotzen dituzte. Diferentziak gainditzeko deia egiten digute zubiek, txuria eta beltza, grisean bilakatzeko. Pertsonak bi bandotan banatuta gaudela dirudi horrela. Bilboko Nerbioi ibaiak ezker eta eskuin aldea banatzen dituen irudia da horren adibide. Politikan ezkertiarrek eta eskuindarrek jarraitzen diote ideia horri. Hortik politikariek euren ahotan hain dituztela maite zubiak, akordioak, elkarrizketak. Elkarbizitza posible egiten dutenak.

Zein bandotan zaude zu? Beltzen bandoan ala txurienean? Ibaiaren zein aldetan kokatzen zara? Galdera hau benetan deserosoa egiten zaigu ondo pentsatzen jarriz gero. Zubien metaforak batzera eraman ordean banantzera eramango bagintu bezala. Zubiak elkarbizitzaren baliabide bezala hartu ordez hiritarrak sailkapen antzu eta itxietan egokitzeko.

Munduko beste zubi bat aukeratzen jarrita, Veneziara abiatuko nintzateke. Venezia zubiz zubi deskubritzera. Ideari jarraiki, Italiako hiri honetan zubiek ez dituzte bi alde lotzen, hamaika bazter eta txoko liluragarri baizik. Pertsonak, bada, Venezia garela pentsatzera garamatzaten ideiak gogoratu behar dira gure zubiez ari garenean. Pertsonak konplexutasun bat hezur haragitzen dugun izakiak garela. Zubi adina alde eta izkina dauzkagula, alegia. Literaturaren edo zinearen begiradek hori ondo erakusten digute: erantzunak eman baino galderak sortzen dizkiguten istorioak entzuten ditugu. Aipatutako konplexutasun horri pertsonaia batek bizia ematen dio. Estereotipoak edo estatistikak erortzen uzten dituzte istorio kontalariek. Pertsonaia bat –Kirmen Uribek esango lukeen moduan- ez da ez itsasoan eta ezta lehorrean kokatzen. Nahiago ditu mendi urdin eta Itsaso berdeak. Ez zaio –bere irudi poetikoak dioen bezala- hautatzeko eman behar. Poeta ondarrutarrari jarraituz, ez dugu ibaiaren zein aldetan geratu behar garen aukeratu behar. Veneziako kanalek ideia hori apurtzen dute. Kanal nagusiak hiria banatzen badu ere, mila eta bat kanalek egiten baitute Venezia dena izatera. Zubiak igarotzen hasten zaren heinean, ahaztu egiten zaizu zein aldetan zauden. Zubi batzuk dotore baino dotoreagoak dira. Beste batzuk, apalak eta xumeak baina beren funtzioa isilean eta ederki egiten dute. Veneziak txoko abandonatu eta zahar asko dauzka. Zure begiradan dago txoko horiengatik Veneziarekiko miresmena edo nazka sentitzea.


Pertsona bat parez pare jarri zaizu zure aulkiaren aurrean eserita. Ez dizu ezer esan eta zuri begira so dago. Pentsatzera gonbidatzen zaituzten musika entzuten duzue. Ez duzue ahoarekin hitz egin. Zure begiak bere egin dituzu eta bereak zureak dira oxigenoa irensten duzun bezala. Horrela minutu batzuk igaro dira eta sentitu duzu pertsona horren konplexutasun hori. Laberinto anitz batek hartu dizu barrena eta “badira nerean zubi batzuk zure munduan egoteko” pentsatu duzu. Venezian bezala, alde bat edo beste bat ahazteko, bera ez epaitzeko. Ez duzue hitzik egin. Begirada luze horrekin jabetu zara bandoek bakarrik ez dutela bizitza esplikatzen. Hiria banatzen duen ibaia baino separatzaileagoak dira gizartean pertsonak –txuri edo beltz- sailkatzen dituzten ideia tranpatiak. Veneziari begietara begiratzea besterik ez dago. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario