Zer egiten
dugu gure begiekin? Ikusi ala begiratu? Ostiral edo larunbateko erosketak
egiteko momentua iristean gure buruari froga bat egin diezaiokegu gure begiak
zertan dabiltzan jakiteko. Ikusi nahi ez duen itsua baino okerragorik ez
dagoela gogorarazten digu atsotitz batek. Norbaitek parez-pare duen zerbait
ikusi nahi ez duenean eta horri begiak ixten dizkionean erabailtzen ditugu hitz
horiek. Nolabait esateko, norbaitek zerbait ikusi ikusten duenean baina horri begiratzeko
gai ez denean. Hau da, ikusteko begiak irekitzea nahikoa da. Begiratzeko ordea,
begiak ez ezik, pentsamendua eta harridura aktibatu behar dira, zentzu batean.
Bi begi eder eta funtzional eduki ditzakegu itsuak direnak, begiratzen ez
dakitenak. Ikuste soilak ez du suposatzen begiekin gauzak ikutu, ferekatu eta sentitu
behar ditugunik. Begiradarekin, ostera, ez da gauza bera gertatzen.
Nik neuk egiten dut aipatu dizuedan froga. Adibidez,
Donostiako Bretxa merkatuan paseatuz begirada hori pizten bazait bizitzarekin
konektatuta nagoela sentitzen dut. Lore saltzaileak hortxe izaten ditugu
garaiean garaiko lore-sortak eginez, koloreak eta edertasuna banatuz.
Baserritarrek baratzeko lan sakrifikatua erraza izango balitz bezala aurkezten
digute euren mahai atonduekin dela uda, dela negua. Barazkiek urteko zein
garaietan gauden esaten digute eta bizitzak aurrera darrai duela ere bai. Produktu
hauen aromek memoriako toki nahiz garai desberdinetara garamatzate larunbateko
jendartean ibiltzeak ematen duen bizitasunarekin. Barazki hauek garbituta eta
txikituta saltzen dituenik ere bada, naturaren eta gizakiaren arteko lotura
ordenatu baten irudi bezala. Berdeak
bereizten ditugu batez ere, gorriak, laranjak, okreak… ere bai.
Literatura
Nobel saria irabazi duen Svetlana Alexievich andereak bizitzarekiko begirada
hori piztera garamatza bere Crónicas de
Chernóbil liburuan, non muturreko sufrikario gorrienak kontatzen dizkigun
hondamendi nuklearraren kontestuan. Pertsona partikularrek dute protagonismoa. Izen-abizena
duten pertsonetatik abiatuta kontatzen zaigu tragedia, mundua pertsonaz persona
esplikatu eta ulertuko balitz bezala. Pertsonetatik ideietara abiatuz eta ez
alderantziz. Txernobyl bezalako infernuak bizitzaz pentsatzera daramatza
Svetlana eta bere elkarrizketatuak. “Etorkizunean Txernobyl ulertzeko eginkizuna
izango dugu. Txernobyl filosofia bezala” dio Natalia Arsénievna Roslovak,
tragediek filosofatzera garamatzatela iradokiz. “Txernobyli buruz hitz egiten
duzunarekin hitz egiten duzula, mundu guztia filosofatzen hasten da” dio ildo
beretik Serguéi Vasílievich Sóbolevek. Tragediaren kontakizun eta filosofia
honetan, Alexievich-en liburuak (ia-ia erradioaktibitatea duela ematen du
liburuak eskuetan hartzean) natura, baratzak, bizitza ditu behin eta berriz
aipagai eta horregatik, bizitzaren begirada hori pizten digu. Tragediak
behar al ditu gizakiak benetan pentsatu eta begiratzeko? Hor doa galdera. Hondamendiaren
krudeltasunaren intentsitate berarekin egiten du eztanda naturak Alexievich-en
liburuan. Hunkitzeraino eramaten gaitu berak, Txernobylgo nekazari batzuk hondamendia
eta gero euren lurrak, euren baratzak landatzen jarraitu zutela irakurtzean. Ez
zen erradiaktibitatea ikusten eta natura hain zegoen indartsu, eskuzabal…
Hitz gutxitan, ikustetik, begiratzera garamatza Svetlanak,
alegia, itsutasunetik benetako ikusmen posiblera. Eta hori praktikatzeko toki
arrunt bezain esanguratsua da azoka. Merkatuak emankortasunaren irudi dira,
horregatik, ezin gara edozein modutara bertara joan. Begirada jantzi behar dugu
etxean erosketetako poltsa hartzean, barazkiek gu limurtzen gaituztela badirudi
ere gu izan beharko baikina eurak erakartzen saiatu beharko ginatekeenak.
Gugana etortzen jarraitzeko. Merkatu polit asko dauzkagu inguruan. Gure
herrietan zein gure hirietan. Tradizio handiko horietako batzuk dira adibidez
Ordiziako azoka eta Santa Lutzi egunekoa, Urretxu-Zumarragan. Era berean, esan
ohi dugu Euskal Herriko baratza Nafarroako Erriberan dugula eta hortik eta
beste hamaika baratzetatik betetzen direla biziz gure azokak. Bada merkatu
hauek beren bizitatasun guztiarekin aurkezten zaizkidanean edo soro oparo bat
ikusten dudanean nire gogora etortzen den pertsona bat. Orduan bera ikusten dut
azokan pauso mantso-mantsoak emanez, lasai, postu desberdinetan geldituz eta
dena begiratuz. Bere jarrera hori neureganatu nahiko nuke nolabait. Guztiona
izan beharko litzateke. Bera sarri entzungo duzu ilargia ahotan duela noiz landatu
edo ilea moztu behar den esanez. Ilargiak berak gaua argitzen duen bezala, berak
ni argitzen daki. Bizitzari begiratzen dioten begiez ari natzaizuen honetan,
bizitza eman zidan gizona dut gogoan. Nire aita.
Argazkia: Henri Cartier-Bresson
No hay comentarios:
Publicar un comentario