Gizakiak beti izan ditu denboraren igarotea neurtzeko
tresnak edo zerura begiratuz itsasoan barrena ibiltzeko gidak. Antzinatean,
adibidez, klepsidra izeneko likidoa isuritzen zuen tramankulu batez neurtzen
zuten gure arbasoek denbora. Segundu edo minutu bezalako denbora unitateak,
horrela, esan genezake mendez mendeko naturaren obserbazio zehatz eta sosegatu
baten eta teknologiaren garapenaren ondoren etorri direla. Hau da, alde batetik
ditugu guk asmatutako denbora unitateak eta bestetik naturak eskeintzen
dizkigunak. Izan ere gauek eta egunek, izarren kokapenak edo naturaren
soinekoek munduaren ordenamenduaz hitz egiten digute. Bizitza-zikloak asmatu
edo deskubritu ditugu antolamendu-behar bati erantzunez. Modu honetan,
udaberria, uda, udazkena eta negua bezalako denbora-unitateak sortu ditugu
bizitzaren lau metafora liluragarri bezala. Ez al zaigu, ba, mendiak
garai honetan soineko gorriz jantzi direla esatea gustatzen?
Nire buruari galdetzen diot nola moldatuko ginatekeen sukalde
edo lantokietako hormetan zintzilikatzen ditugun egutegirik gabe. Zenbaki-zopa
sinple bat baina askoz gehiago baita egutegia. Gure bizitza antolatzen duen
elementu nagusietako bat izateaz gain bizitza bera egituratzeko ikuspegi baten
islada da eta ekintzak sistematizatzeko mekanismo baten gurpilean sartzen gaitu
oharkabean. Obserbazio txiki honekin ez
dut iradoki nahi “eguzki-erlojuak” berreskuratu beharko genituzkeenik ezta
orain lagunekin elkartzeko formula poetikoak asmatu behar ditugunik: “eguzkia
sartzean geratuko gara olibondoaren ondoan elkarrekin afaltzera joateko”. Ez.
Nork daki nola adostuko zuten bi lagunek elkarrekin topatzeko tokia eta ordua
orain dela hamar edo hogei mende. Kontua da garaiean garaiko formula
magistralak ditugula denetarako.
Orain, adibidez, naturak udazkenaren espektakuloa eskeintzen
digu. Eta gure emozioen arabera hostoen erorketak dekadentzia eta tristeziaz
hitz egiten digu edo ostera, udazke-koloreen aniztasunaz eta etxe barruko
epeltasunaren goxotasunaz. Egutegi faltan, esate baterako, erraza litzateke
gure basoak begiratuz gero udazkenean gaudela ohartzea. Marroi-naranja-gorri
kolorea nagusitzen da eta naturaren erritmoa nahiz indarra berriro da
begi-bistakoa.
Udazken-soineko gorri hau gure basoetara iristeaz gain,
supermerkatuetara ere heldu da. Erraza da oso zein urtarotan gauden ohartzea
gure merkatu modernoetara joanda. Fruta saltokitik pasa ondoren eta garaiko
fruituak eta barazkiak iritsi direla ikusi ondoren azkar ohartuko gara Gabonen
aurreko denboraldian gaudela. Hori pentsatzera narama behintzat turroia ere
salgai dugula jakiteak. Izan ere gure jakiek ere denbora neurtzeko aukera
eskeintzen digute. Egutegiko garai bakoitzean hau edo hura jaten baitugu.
Azken batean, bizitza-zikloek iradokitzen digute antolamendua.
Gure ingurura begiratuta ordena gara. Ostera, naturak eskeintzen dizkigun
erritmo nahiz paisajeak ez ditugu batzutan gogoko. Horra hor, ba, hitz
gutxitan, gizakioi batzuetan dagokiguna: gure barnean bizi ditugun beste
aldarteei jarraituta gure barneko urtaro eta egutegiak sortzea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario