viernes, 16 de noviembre de 2012

Soluzio txikiak




Udazkeneko ordu aldaketarekin negu iluna ikusten dugu aurretik eta negua ez ezik, Gabonak ere laster hasiko dira ate joka jada hasi ez badira. Iluntasun hau argitzeko eta barru-giroa goxatzeko liburu baten konpainia beti da onuragarria eta atsegina. Liburu bat diot bestelako konpainia hobea ez duen edonorentzat ezin aproposagoa delako liburu baten presentzia isila baina konstantea.

Liburu artean galtzen hasita –norbaitekin galtzeko aukerak ez edukita-, iradokitzailea da benetan Xabier Amurizaren azken liburua: “Euskara batuaren bigarren jaiotza”. Lehen golpean izenburua irakurrita irakasle eta hizkuntzalaritzan adituak direnei zuzendutako liburua dela dirudi Amurizak idatzitakoa. Baina bertsolariak neurri handi batean plaza-gizonak direla kontuan hartuta bere liburua ere “plaza osora” begira idatzitakoa dela esan genezake. Hori ulertzen dut nik behintzat liburuaren eskaintza irakurrita: "Euskara eguneroko lantresna dutenen artean, diskurtso handiak baino soluzio txiki bat nahiago duten guztiei". Eskaintza hau irakurri ostean are gehiago pizten zait bertsolariaren lana irakurtzeko gogoa, ez baitut oraindik irakurri. 

Ez naiz hasiko inondik inora ere euskararen kalenturak eta tripako minak diagnostikatzen, ez bainaiz inor horretarako. Ostera hizlari eta irakurle bezala askotan somatu izan dut euskara tresna dominaezina eta freskura gabekoa bezala. Ez al zaizue gertatu euskaratutako eleberri bat irakurri ostean hizkuntzari arnasa falta zaiola somatzea? Testu administratibo euskaldun bat ulertezina dela eta gaztelaniara jotzea? Hitz bat itzultzeko hiztegira jo ostean liburuxkarekin haserretzen zarela gertatzea? Nire ingurura begiratuta hamaika adibide izango nituzke honen harira. Izan ere, euskara babestu eta zaindu behar dugula argi badago ere, batez ere erabilpenean dagoela gakoa ados egongo ginatekeela ia guztiok uste dut. Zentzu honetan jarrera puritanoek euskarari kalte handia egiten diotelakoan nago. Ezin dugu gaixo dagoen hizkuntza bat balitz bezala gehiegi babestu baizik eta inguruan dituen eragin guztiekin nola berpiztu daitekeen saiatu. Horregatik, síntoma polita iruditu zait Amurizak liburua izendatzeko “bigarren jaiotza” terminoa erabili izana.

Zeren kontua ez da nolako euskara sortzen, erabiltzen eta berpizten dugun Euskal Herria den laborategi txiki edo ez hain txiki honetan, baizik eta nola jartzen den harremanetan ingurutik datorzkion eraginekin. Zentzu honetan benetan eskertzen dut euskararekin jarrera puritanoa praktikatzen ez duen edonoren ekarpena: euskara batua harro sentitzeko lorpen bat izan bazen, orain euskarari plastizitatea emango dion jarrera ireki eta flexibleak behar ditu eta ez artifizialtasun-sentsazioa ekartzen dituzten ohiturak. Hildo honekin jarraituz, umorea galdu gabe adibide xume bat jarriko dut: hiztegi formal batetara jo ondoren ezin omen dut “soltera” hitza erabili euskara batuan. “Neskazahar” hitza onartuta ageri da.  “Ezkongabe” edo “ezkongai” bezalako terminoak ere erabilgarriak omen dira. Nola onartu dezaket, ordea, “neskazahar” terminoa duintasuna eta dotorezia galdu gabe? Edo nola sentitu nahiteke konforme “ezkongabe” hitzarekin txuriz jantzi ez izanagatik ardi beltza sentitu gabe? Ez hori bakarrik: “ezkongabea naiz” ez al da espresio arrotz bat euskaldun zahar batentzat? Gaztelerazko “soltera” edo ingelez esaten det “single” hitzek kupida gehiago erakusteaz gain, oihartzun semantiko positiboagoak dauzkatela esango nuke. Hain lotsagarria al da euskara batuan “soltera nago” edo “soltera naiz” esatea? Ausardia ez zaio falta  Amurizaren lanari eta bere liburu berria irakurtzea pena mereziko duelakoan nago.

Argazkia: Willy Ronis


No hay comentarios:

Publicar un comentario