I
“Nahi al duzu zerbait
ekartzea? Ez al zara gose?” galdetu dio bere senarrak Virginiari. “Maitea, bart
ez duzu lorik egin eta goizean ez duzu gosaldu”. “Arrazoi duzu, Leonard. Eta mila
esker. Baina ez dut ezer nahi” erantzun dio emazteak. Lorategiko aire gardena arnastea
da soilik –pentsatu du Virginiak hasperen eginda- orain idazteko behar dudana. Begira,
ekaineko goiz honek ez du gezurrik esaten. Niretzat egina dago. Niretzat eta
nire esaldientzat, Leonard. Egunsenti perfektu hauek bakarrik dakite hori, errepikatu
du Virginiak. Ikusi al dituzu larrosak nola atera diren, Leonard? Dalloway
andreak hartuko lituzke orain bere festarako, esan du idazleak. Baina berehala Virginiak
senarraren etsipenari erreparatu dio. Maitea barkaidazu, idazten ez naiz sekula
gose sentitzen eta hori zuretzat nekagarria da. Badirudi zu zarela -eta ez ni-
jaten ez duena. Baina nire hitzak eta Londreseko arnasa bakarrik behar ditut
zorionak zer izan behar duen irudikatzeko. Oh, Londres! Iritsi da ekaina berriro
gugana. Jantziko zenuen zure loredun gona Regent´s parkean. Baina esaidazu,
Londres, noiz izango naiz zurekin?
“Virginia maitea, baina zure gorputzak indarra behar
du. Zerbait jan beharko zenuke. Gainontzean buruko minak areagotuko zaizkizu”,
esan dio Leonard-ek Monk´s House lorategiko etxetxoan. Bertan
Virginia Gela bat norberarena idazten
ari da. Lana datozen hilabeteetan argitaratzea espero dute, hau da 1929ko
urrian. Horrela izango den ziurtasunarekin Leonard badoa etsita lorategia
zeharkatuz berriro etxera. Beste behin ere ez du lortu, ez du erdietsi
Virginiak jatea. Horregatik, bere emazteak baraurik Gela bat norberarena idazten jarraitu du loretegiko estudioan.
Horrek elikatzen du soilik. Literaturaren azukreak. “Errealitatea ez da nire
hitzek sortzen dutena baino” esan du ozen Virginiak. “Gainontzeko guztia da
soilik fikzioa” gaineratu du etxera bidean senarra larrosa gorriak behatzen
geratu dela ohartuz. Dalloway andrea
eleberria gogoan, zerura zuzendu du begirada Virginiak. Lainorik gabeko
eguraldi garbi-garbia datorrela ikusi du. “Dalloway andreak arrazoi zuen.
Horrelako ekaineko goizak haurrenak dira. Hondartza bateko haurrenak dira
soilik”. Eta nik horrelako hondartzen edertasuna jan nahi dut, esan du. Edertasuna
bakarrik. Orduan Monk´s House-eko bere lorategiko etxetxoko atea ireki du
ekaineko goiza arnasteko. Haize bolada bat sartu da atetik eta mahai gainean
zeuden orriak altxatu ditu. Alegia, Gela
bat norberarena lanaren eskuizkribua sakabanatu da estudio osoan zehar.
Azkar batean bildu ditu Virginiak orri guztiak eta berriz ordenatu ondoren bi
harri jarri ditu paperen gainean. Gero lorategiko larrosak deika egongo balira
bezela Virginia lorontzietara hurbildu da eta bost larrosa moztu ditu bere
estudioa apaintzeko. Besoan hartu ditu loreak eta hauek usaindu ostean bere
estudiora itzuli da. Hau da orduan bizitza, pentsatu du. Harri eta loreen arteko
usain arraro bat. Nork esan zuen harriek ez dutela loreek bezela
usaintzen?
Eta usain horri jarraitu
dionean bere bihotzeko hirira iritsi da. Ailegatu naiz zuregana eta orain egizu
nirekin nahi duzuna, esan du Virginiak. Lortu dut Monk´s Housetik ihesaldi perfektuena egitea.
Hemen nago, Londres. Esaidazu nirekin nahi duzula, oh baby, nirekin nahi
duzula. Amodioa egin nahi dut zurekin, Londres. Uda da eta zure kaleetan
murgiltzen naizen bakoitzean pauso bakoitzak hurrengo bat erregutzen dit. Kale
batek beste kale bat eskatzen dit. Beste bat mesedez, beste bat arren. Nire
oinen eta Tamesis ibaiaren gaineko zoruaren arteko golpeak erotismoz beteak
daude. Eta arnasa hitzez betetzen zait eta hitzek arnasa ematen didate. Hiriak
maitaleak badira zu zara, Londres, nire gauak lapurtzen dituena. Nire sonbrero
dotoreena jantzi eta Regent´s Street kaletik iritsi naiz Picadilly Circus-era.
Bertako trafikoak eragiten duen zorabioak odola berotu dit. Portland Place-eko
etxe dotoreak ikusiz Londres iparraldera jo dut Marylebone-era iritsi arte.
Orduan ikusi dut Regent´s Park urrutitik gerturatzen eta orduan –orduan
bakarrik- hartu dit bakeak barrena. Nire ibilbidea jarraitu dut Tottenham Court
Road kaletik berriro beheruntz eta azkenik Bloomsbury auzoaren bihotzera iritsi
naiz. Russell
Square-era. Jarraitu ezazu Londres, ez naiz asetu. Zure maitalea naiz eta nire
liburuak, gure seme-alabak izango dira beti. Esaidazu baietz, ez naiz sekula
asetuko bestela. Zure Virginia nauzu, ez didazu esango? Edertasunaren izenean
nator. Bere zerbitzaria izateko deitua izan nintzen jaiotzean, zu bezala.
II
1941eko martxoak 28 dio
Leonard-en egunerokoak. Baina jada udaberria den arren bere emaztearen
barrenean ez dira urtaro honetako loreak gehiago aterako. Ez da Londresera
itzuliko bere kaleetan galtzera. Bezperan Brighton hirian Wilberforce doktorea
bisitatu dutela idatzi du koadernoan Virginiaren senar leialak. Baina bidaia horren
ostean ez du idazleak irtenbiderik ikusi.
Beraz berak ongien egiten dakiena egin du. Alegia, eskutitz bat idatzi
dio senarrari bere gaitzen zama handiegia dela esanez. Ez du karga bat bezela
sentitu nahi. Ez du bizitzeko indarrik
topatzen inon. Eta bere bizitzako esaldia idatzi dio emazteak senarrari. Munduko
bikote guztiek aurrerantzean errepikatuko dutena. Maitemindu guztien agurretan
agertuko dena. “Ez dut uste bi pertsona gu izan garen bezain zoriontsu egongo
denik”.
Esaldi horretan dago
Virginiaren ezinegon eta maitasun guztia, eta zinean Nicole Kidman-ek ezin
hobeto interpretatzen du etsipen, zorigaitz, gaixotasunaren zama ezinezko hori.
Estudiotik bere harri gustokoenak hartu ditu berokian. Eta soinean daraman beroki
eta guzti zuzendu da Virginia bere tristura itotzeko asmoz Ouse ibaiaren barrenera.
Senarrari idatzi ostean bere bizitza akabatzea lortu du azkenean. “Ez dut uste
bi pertsona gu izan garen bezain zoriontsu egongo denik” irakurri du senarrak
bihotza apurtuta beren etxeko egongelan. Eta idazleak esan ohi zuen bezela,
hiltzean hitzekin kontatu ezingo dudan esperientzia bakarra bizituko dut. Eta
azkenean ito nauten harri hauek nire bizitzaren zama jasanezinaren metaforak
izango dira beti. Hitzekin adierazi ezin ditzakedanak. Baina hain zuzen hitzak izan
dira orain arte zama hori arintzeko gai izan diren bakarrak. Baina hizkuntzaren
edertasunak oraingoan huts egin dit. Horregatik Nicole Kidman uretan murgildu
da eta ibaiak Virginia Woolf-i lepoa gainditu dio. Burura etorri zaizkion azken
esaldiak idazten saiatu den arren bere hitzak burbuila moduan Ouse ibaiaren
urarekin nahastu dira betirako.
Baina nora doa Ouse
ibaian behera Nicole Kidmanen berokiko harrien bidaia? Nora iritsiko da Woolf-en
estudioko harri deformatu horiei itsatsi zaien heriotzaren izerdia uretan
barrena? Bizitza beltzena ezagutzen zutena? Zeren emakume bat iritsi da beste ibai
baten indarraz gizon baten bizitzara. Virginia hil den egun berean beste emakume
baten irrifarra ailegatu denean dena argitu da. Irrifar bat eta bizitza! Irrifar
bat soineko gorria jantzita! Nire eguna alaitzera etorri zara. Iritsi da
azkenean gerra osteko berri ona gurera, pentsatu du Josek Monk´s House-etik
urruti. Hau al da maitasuna? Gizateriaren gezurrik politena? Bizitza bat elkarrekin igaro behar dugu,
pentsatu du egun horretan Josek lo hartu baino lehen. Nire bizitza guztien
errenkadan bizitza batek behintzat pena merezi du. Oh, bizitza honek! “1941ko
martxoaren 28” apuntatu du koaderno batean data bereziaz gogoratzeko. Egun hau
betirako niretzat izateko, esan du. Niretzat bakarrik. Azkenean nire bizitzako
emakumea ezagutu dudala iruditzen zait gaur. Bera da niretzat gordeta zegoen
anderea. Itxaroten egon naizen denboraren alaba. Munduko izenik politena duela iruditzen
zait, hausnartu du Josek iluntzean. Bere ontasuna irudikatzen duena. Eta ohartu
da Jose bere izenak eta Mariarenak Biblia gogora ekartzen diola. Hori pentsatuz
lokartu da maiteminduta. Baina nola liteke posible egun batean maitemintzea? Eta
ametsa eta imajinazioa nahasten diren laino horretan bikote bat agertu da
Joseren irudimenean. Geratzen zaigun bizitza elkarrekin igaroko dugu, esan dute
belarrira putz eginez. Eta elkarrekin gauden azken eguna iristen denean
itsasoek eta mendiek gordetzen duten zorion guztia agortu dugula esango diogu
elkarri. “Ez dut uste bi pertsona gu
izan garen bezain zoriontsu egongo denik”, idatziko dut. Horrela izango dute
soilik gure ondorengoek zuganako nire maitasunaren berri, esan dio amets batek,
urrutitik iritsi den oihartzun batek. Eta betiko desio bati erantzunez gure
alabak Arantzazu edukiko du izena. Eta Jose amets gozoenen konpainian lokartzen
den bitartean esan dio betirako agur Leonard-ek Virginiari. Itsaso berdinera
doazen errekak imitatuko balitu bezala bizitzaren onenak eta txarrenak elkar
ulertzen dute gaur.
III
Virginiaren bizitzako
azken eguna Jose eta Mariak elkarrekin egingo zuten bizitzako lehenengoa izan
zen. Hori oroitu du alabak bere etxeko sukaldean Las horas pelikula ikusten bukatu duenean. Horregatik jaio nintzen
agian Virginiaren hilabete maitean. Joango al gara paseo bat ematera
hondartzara? galdetu dio Arantzazuk bere alabari dena garbitzen bukatu duenean.
Biek maite dute Las horas pelikula eta liburua. Zeren Virginiaren alabak gara gu, esan
dio etxeko atea ixtean Arantzazuk. Alabak irribarrez begiratu dio eta “Arantzazu
eta Virginia”, esanez bi amak nahastu zaizkio bihotzean betaurreko beltzak
jarrita hondartzara bidean. Bizitzara ekarri zion lehen ama eta literatura
bizitza dela sentiarazi zion bigarrena. Bat batean hori sentitu duenean olatu
bat puskatu da iritsi berri diren Zurriola hondartzan. Eta marea igoarazten
duen olatu horrek esan dio bere zainetan itsasoa behar duela odola ordez. Zeren
itsasoak garbitzen dizkizu bihotzetik ateratzen zaizkizun tristurak. Zure
zainetatik barrena hedatzen diren penak ur honen gatzak bakarrik ezabatzen
ditu. Hori gertatzen
denean soilik bizi zara zure bihotzean ekainean. Virginiaren hilabetean.
Eta Groseko hondartza begiekin
edan bitartean Hara! esan du
Arantzazuren alabak ezustean. Begira, Virginia Woolf-ek berokian sartu zituen
bi harriak telebistatik irten dira eta orain usaindu ditzaket. Hemen daude, nire
hondartzara egin dute iritsiera usain beteenarekin. Horrela nahastu da Kursaal
auditorioa literaturarekin Arantzazuren alabaren irudimenean. Moneok diseinatu
zituen harri handiak beste zerbaitetan bilakatu dira 2019ko ekainaren 3an. Arroka
berezi hauek ez dira gehiago Moneoren kuboak izango. Horren ordez Ouse ibaitik Urumea
errekara iritsi ziren harriak izango dira. Uraren erosioari esker eta denboraren
poderioz forma garbiagoak hartu dituzte harriek. Karratu perfektuak baitira
gaur Virginiak bere tristurak itotzeko 1941ean berokian sartu zituen harriak. Hori
ikusi duenean Arantzazuren alabak eskua sartu du eta bere txaketan harriak ez
dituela ziurtatu du. Hala ere zama bat sentitu du. Baina nork ez? Askatasunaren
zama ikaragarria da, esan dio amak. Bada ordea pisu horretatik libera nazakenik,
pentsatu du alabak. Patrika honetan doan eskuaren lagunik onena da bera.
Alegia, irudimena. Berari esker garunean ekaineko larrosak ateratzen dira beti.
Horregatik nire patrikan doan eskua ez da inorena. Ez da gizon edo emakume
batena. Bere jabea axota bati lot dagoen irudimenarena izan da beti. Hondartza
honek ondo daki. Irudimen horrek bakarrik jaurtiko nau nire zainetan doan
itsasoa zeharkatzera. Bai, esan du. Hutsik
egiten ez badit irudimena izango da nire baitan bizi diren soinu eta hitz
perfumatuen kaxa, kubo, harri urdinena.