Lehen ia dena eros
zitekeen, Frank Sinatraren abestietan bezala, ia dena posible den hiriko
botiketan. Baina osasunaren moda iritsi da Brooklyngo zubia gurutzatuta Alicia
Keys-en jungla gogokoenera. New York hiriko botiketan tabakoa saltzea debekatu
dute. Agian horregatik Madison etorbideko farmazietan ezinezko ametsak salduko
dituzte baina ez dira nikotinazko ametsak kalada zoroetan errepikatuko. Ez dute
farmaziaren sarreran zigarroaren kea Manhattango behelaino lausoarekin
nahastuko. Botikariek ezingo dute nikotina dispentsatu. Ezinezkoa izango da
jazz abeslarientzat txuri beltzeko chemists
edo apothecary batean nikotonitarekin ahotsa gehiago sakontzea,
gorpuztea, zabaltzea. Beren eztarrientzako medizina ez dute botiketan 12
dolarretan salduko. New York hiriko farmazietan jostailuak, goxokiak eta Valium
pilulak erostea posible izango da baina ez Marlboro paketeak. Beraz
newyorktarrek mundu osoan bezela larrua jotzeko preserbatiboak eta zigarro
paketeak behar badituzte tamalez hauek
ezingo dituzte biak batera denda berean erosi.
Nikotinaren egoitzak beste batzuk izango dira New York-eko baso
kosmopolitan. Ez farmaziak.
Munduan zehar barreiatuta
dauden botikak, merkatuak bezala, oso antzekoak eta aldi berean oso desberdinak
dira. Donostiako farmazietan adibidez ezin dira zigarroak erosi. Horretarako
estankoak daude. Eta Berlin hiriko apotheke
batera edo Delhi hiriko pharmacy batera
sendagarri bila abiatzen bazara bertan aurkituko duzunak osasunaren errepartoa eta
osasunaren kontzeptua bera toki batean edo bestean oso bestelakoa dela
erakutsiko dizu. Batean eta bestean bizitza batek balio duena zein desberdina
den begi-bistakoa izango da. Batean botika robot japoniar batek aurkituko du almazenean.
Bestean tuper batzuetan gordeta egongo da. Baina kontuz, salbuespen batzuekin
bada ere, munduko botika gehienen sarreran argi berde bat ikusiko duzu. Argi
berde baten –piztuetaitzali, piztuetaitzali- dirdira deigarria. Behar larria dutenek
urrutitik ikusi eta ia-ia entzun eta usainduko duten argia.
Guardia duten botiketan
inoiz itzaltzen ez den argi berdea eta Spotify plataformarena oso antzekoak
dira. Biek egiten dute gainera guardia 24 orduz urteko 365 egunetan. Farmaziek hiritarren
gorputzak sendatzen egiten dute lan eta Spotify-ek aldiz entzuleen gaitz anitzak arintzen. Spotify izeneko musika plataforma berdea melodien eta letren merkatu
bat dela dirudi. Musikaren baratza da batzuentzat, musika nikotina bezala behar
duten entzuleen farmazia da besteentzat. Abestiak belar sendagarriak direlako
ez hiritar gutxirentzat. Printzipio aktibo ugari dituzten droga biguin eta
merkeak. Hau dela eta, hil aurretik ohe buruan askok morfina ordez beste
zerbait eskatuko lukete. Heriotzaren atarian bizitzako azken kantarekin
betirako lokartzea. Azken arnas hori, etxekoen eskuak ezezik Spotify-enak ere helduz egitea.
Nik ez dut botika baten
eta aipatutako musika plataforma ezagunaren artean desberdintasun handia
aurkitzen. Azken boladan Los Planetas
taldearen kanta bat entzuten dut behin eta berriro sendagarri eraginkor bat
balitz bezala. Espíritu Olímpico
abestiarekin oheratzen naiz sarri. Kanta honen letra poetikoak giltzatu ninduen
nonbait argiak itzalita zeuden Spotify-eko logela batean. Gainera kanta honen Zona Temporalmente Autónoma izeneko
diskoaren azala ere, farmaziak bezala, inoiz aspertuko ez gaituen udaberriko zelai
bat bezela, berdea da. Berdeak dira azal horretan ageri diren palmondoak. Juan
Ramón Rodríguez, “Jota”, Los Planetas taldearen ahotsak itsaso sakoneko
kartzela batetik hitz egiten dizu kanta horretan. Espetxe horretatik askatzen
den ahots bat dela dirudi.
Burdinezko
hesian dauden masustak dira gure begiak
Eta
sasi artean nahastuta geratu gara betirako biok.
Itsasoa
sakona delako doaz ibai guztiak hara
Eta
zure begien atzetik joan dira nireak bertara
Bi begirada harrapatuta
imajinatzen ditut abesti hau entzuten dudan bakoitzean eta irudi poetiko
horretan uzten ditut nik maite izan ditudan begi guztiak. Masustak dira denak eta sasi artean ordez agian farmazia
batean salgai egongo dira egunen batean. Bertan botika bezala, musika emango
dute dolar gutxi batzuen truke errezetarekin edo errezetarik gabe.
Egun horretan New York-eko
farmazietako argi berdeek ez dute gurutze forma izango. Edo Asklepio medikuntzaren jainkoaren
alaba Higearen kopan dagoen suge sendagarriaren forma. Aldiz, musikarien sol
klabe bat erakutsiko dute. Farmaziak medikuntzaren benetako tenpluak izango
dira eta ez lobby farmazeutikoen
bulego berdeak. Osasuna abestietan salduko da. Sony bezelako diskografikak
Bayer edo Novartis bezelako enpresetan fusionatuko dira. Benetako mors fina morfinak ordez musikak emango
digu. Spotify izango da agian heriotza gozo batzuen banatzailea. Argi
berdearekin plazerrera deituko gaituen erakundea. Dela Los Planetas-en Espíritu
olímpico abestiarekin, dela Sinatra beraren Somethin´ Stupid abestiarekin. Poesia, musika eta maitasuna bezala,
botika delako. Eta bizitza, heriotzera eramango zaituen gaixotasun zirraragarri
bat.
No hay comentarios:
Publicar un comentario