Aterkiek eta astelehenek
amankomunean asko zutelako edo euriaren usainak umorea aldatzen ziolako, bere aterkia
poltsan bilatzeko keinuak bihar astelehena zela gogorarazi zion gabardina
beltzeko emakumeari. Igandero bezala, bere amaren etxera ailegatzeko bizikleta
aparkatzen ari zen emakumea. Presa sartu zitzaion zaparrada baten erdian
aurkitu zenean. Kaleak hutsik eta goibel ageri ziren pipitarik gabeko ekiloreak
bezala, notarik gabeko pentagramak bezala, usainik gabeko egunkariak bezala. Bidean aste berriak zer ekarriko
zion errepasatu zuen pauso bakoitzak ideiak ordenatuko balizkio bezala. Bere
gustoko dendan geldiunea egitea ahaztu zitzaion eta aterkia zabaldu bitartean, euriak
sorbalda eta melena busti zizkion. Politikariek euria debekatuko lukete ahal
balute, pentsatu zuen erdi apurtuta zegoen aterkiaren koloreei begira.
Kontsumoa sustatzeko erabiliko lukete, hiritarren aldartea manipulatzeko,
ekonomia global batean eskuhartzeko. Horregatik eguraldian agintzea gustatuko
litzaieke askori. Eta kaleko baldosetan igande bustiaren atzetik aste berri bat
zetorkiola ikusi zuen emakumeak. Beste aste beltz bat, esan zuen aterkiko arrosak
eta naranjak begietatik sartzen zitzaizkiola. Astelehena, nagusiarekin bilera.
Asteartea, urteko aurrekontuen onarpena. Asteazkena, ikastaro berri bat. Baina betebeharrak
betebehar, une horretan nola gorrotatu euriaren musika aterkiaren kontra?
Eta emakumeak lurreko
putzuak ekiditen zituen bitartean, gizon bat gurutzatu zen bere bidean. Gizonaren
pauso indartsuek oraingoan galtzak busti zizkion emakumeari eta hezetasunak bere
gorputza zeharkatu zion. Orduan kalanbrearen antza zuen hotzikara batek igande
arratsaldeko pentsamenduak inauguratu zituen. Euria erruz ari zuen baina giro
epela zegoen pentsatzeko. Zaparradaren intentsitateagatik oinak bustitzen hasi
zitzaizkion emakumeari. Baina igande arratsalde euritsuetako pentsamenduei zor diegun errespetuagatik ez
zion horri erreparatu. Donostiako euria Moscú hiriko elurra bezala da, pentsatu
zuen emakumeak. Hausnarketa libreenak eta askeenak eragiten dituzten igandeak
euritsuak dira askotan. Pentsamenduen benetako muina ezagutzera eramaten
gaituzte. Eta zein euri da tristegoa? Igande arratsaldetakoa ala
astelehenetakoa? Zein da poetikoena? Euriaren umoreari buruzko hauskarketa horrek
asteleheneko betebeharrak burutik kendu zizkion. Igande arratsaldeko euriarekin
sentitzen zuen askatasuna ez zuen ezerekin sentitzen. Igande arratsaldeko
euriaren ama sentitzen zen horregatik.
Zerutik erortzen zen urak
pentsamendu ilunak garbitu zizkion emakumeari eta pausoz pauso kalean behera
egin zuen. Gurutzatu berri zuen gizonaren zigarro keak oraindik aurpegia
kolpatzen zion. Baina keak gizonari jarraitu zion eta gizona atari batean sartu
zen zaparradaz babesteko. Zigarroari kalada berri bat eman eta atariko atera
katiuskak jantzita zituen nerabe bat iritsi zen. Bere aurikularretatik I Put A Spell On You abestia iristen zitzaion. Etxebizitza horien
ondoko plazan itxaroten zegoen bere mutilagunarengana zuzendu zen eta elkartu
zirenean aurikularrak kendu zituen neska gazteak. Elkarri esateko guztia musu batean
gordeko balitz bezala musu eman zioten elkarri plaza erdi-erdian zegoen goxoki
dendaren ondoan. Hiriko eta munduko azken neska eta mutila ziren
igande arratsalde euritsu hartan. Bikotearen musua munduko libreena zen. Vals
bat dantzatzen hastea bakarrik falta zitzaien eurek rap doinu bat aukeratuko
luketen arren.
Eta musika toki
guztietara iristen zelako, Bach-en musika entzuten hasi zen auzo horretako etxe
bateko egongelan. Agureak irakurtzen ari zen liburutik begiak altxa zituenean
bat batean egongelako leihotik musu bat ikusi zuen. Bikote gazte batek elkarri
eman zioten musua. Plaza huts-hutsik zegoen baina bikotearen musuak zerbait bete
zuen enparantza horretan, egongela hartan, mundu osoan. Euriak neguko piszinak
sortzen ditu, pentsatu zuen agureak. Umeak bainatzen ez diren jostailuzko
igerilekuak. Plaza honek gaur bezelako igande arratsalde euritsuetan
plastikozko piszina baten antza du. Itsasotik gertu dagoen plaza, piszina,
putzu handiak gris ezin ederragoak erakusten zituen. Eta agurea nerabe batzuen
musuekin distraitu zen leihotik begira. Ezpain gazte haien goseak urteak kendu
zizkion eta plaza hartan lehenago gris koloreak zirenak gero zetazko dirdirak
bilakatu ziren aintzira batean. Bat batean bikotearen ondotik gizon handi bat
igaro zen korrika. Euriak zigarroa itzaltzen zion keinua egiten zuen eskuarekin.
Bikotearen ondotik igarotzean begirada altxatu zuen eta musuak irentsi zituen
zigarroaren keak birikak betetzen zizkion bitartean. Orduan aterki koloretsu
bat agertu zen agurearen begietan eta irakurtzeari ekin zion berriro.
Euria ari zuen. Zerutik
ez ziren goxokiak eta txokolatinak erortzen. Gianni Rodari oker zegoen. Ez zuen
arrazoia, pentsatu zuen agureak liburuan begiak berriro jarriaz. Idazle
italiarrak Telefonozko ipuinak liburuan
lainoak azukrez eta kakaoz beteta zeudela iragartzen zuen. Ez, Gianni. Zerutik
euria gogoz jausten zen. Zaparrada erdian ahoa zabalduz gero ez zen hau zorion
pizgarri eta goloso batez betetzen. Asteburuetan bereziki desatsegina zen hura. Ez,
larunbatetan ere ez zituzten zeruko balkoietatik goxokiak botatzen. Ez zen inor
betaurreko beltzak jarrita zeruko galeria grisetan deskapotable batean goxokiak
jaurtitzera irtetzen. Promesa
hutsak ziren horiek. Errege Magoak urtean behin bakarrik ateratzen ziren
goxokiak botzera. Eta ez noiznahi. Astean zehar ezezik, larunbat goizetan ere
busti egiten zuen euriak. Ez, halako igandetan ere euria euria zen. Egongelako
leihotik zeruak negar egiten ikusten genuenean. Eta honek gure planak apurtzen
zituenean. Gianni Rodari-ri hori leporatzen ari zitzaionean tinbrea entzun zuen
agureak. Alaba zetorkion bisitan. Hori bai zela benetako txokolatezko euria. Orduan
bakarrik kolpatuko zuten egongelako kristala kakao-tanta miragarriek.
No hay comentarios:
Publicar un comentario