sábado, 24 de noviembre de 2018

Baina bizitzak ez nau oraindik haizeak hautsa bezala eramango


Erahiltzen nautenean ez dute antzemango erahil nautenik. Nire janarian edo edarian pozoina jartzen dutenean izango da. Kotxe batek harrapatzen nauenean. Sikario baten eskuak odolez zikintzen direnean. Tortura baten ametsgaiztoa ezagutzen dudanean. Pistola baten disparoa eta gero nire belarriek ezer entzuten ez dutenean. Edo ironiaz Virginia Woolf omenduz ibai batera nire abrigoan harriak ditudala botatzen nautenean. Nire buruaz beste egin dudala emanez.

Gas isurketa batek betirako lo uzten nauenean gertatuko da. Anestesistak ebakuntza batean adostutako hutsegite bat izaten duenean ni berriz inoiz ez esnatzeko. Edo hospital publiko batean erditzen dudanean odol gehiegi isurtzen dudanean. Parranda baten ostean norbaitek labana sabelean jarriko dit, agian. Eta lapidazio batek akabatuko nau. Edota botikari anker batek prestatutako burundanga spray baten ondorioz nire buruaren jabe eurak egingo dira. Eta atentatu yihadista batek eramango nau. Hori dirudiko du, behintzat. Istripu bat izan dela. Bestela sute batean harrapatuta geratuko naiz. Bahiketa eta bortxaketa baten ostean hiltzea tokatuko zait. Nire gurasoei tamalez beltzez janztea baino ez zaie geratuko. Bizitzako azken plazer iturria moztea lortuko dute. Agian oraindik asmatu ez duten moduan. Eta azkenean beraien helburua erdietsiko dute. Argi bat betirako itzaltzea. Hori udako egun eder batean itsaso gris batek irensten nauenean izango da.

Gauero lo hartzen dudanean hil egiten naiz. Baina zorionez ez oraingoz aipatutako modu krudeletan. Testigurik gabeko erahilketa bat gertatzen da nere logelan gauero. Mesanotxeko argi txiki hori itzaltzean izaten da. Ilargia gaua zaintzera irtetzen denean. Hiltzailea ez dut ikusten baina beti berdin jokatzen du. Ni hiltzearen lan zikina egitea ez zaiola axola, antza. Gustoko ditu lan zikinak. Badirudi berarentzat erahiltzailea izatea ohore bat dela. Gauero nire begiak putz eginda ixtea jolas bat dela. Jolas dibertigarri bat. Alegia, ia eskertu egin behar dudala berak ni erahiltzea. Norbaitek zure begiak putz eginda ixtea erromantikoa dela. Martiri bat izatea. Baina nork egiten die putz nire begiei?  

Nire hiltzaileak egunean zehar gaua itxaroten egoten dira. Maite dute egunean zehar ni gauera nola pixkanaka-pixkanaka iristen noan ikustea. Hilketa geldo baten agonia ikuskizuna da beraientzat. Gaueko erahilketa horren azken detaileak planifikatzea gustoko dute. Min handiena nola lortuko duten aztertzea. Biktima nola aztarnarik utzi gabe deshumanizatu dezaketen ideatzea. Planifikazio horretan anfora bat izaten dute ondoan. Anfora horretan niri egunean zehar agortzen zaidan energia gordetzen dute altxor bat bezela. Hor babesten dutena baita ni hiltzea errazten duena. Nekea, alegia. Nekearen tanta bakoitza. Izan ere, eguneko lanorduen nekeak hiltzen nau gauero. Eta neke horren gudariek bai esaten bakarrik dakite. Emakume hori hil? Bai, erantzuten dute. Gaur gauean egingo dugu hori. Hori da, erantzuten du jefeak. Honela egiaren eta justiziaren zerbitzura lan egingo duzue. Neska hau bezalako langileak gauean hiltzea ez al da oso bidezkoa?  Hiltzaileek eta jefeek oraindik ez dakite egun batean “zer egin dugu?” esango dutela. Oraindik ordea irratiko esatarien ahotsa imitatzen dute ni egunaren bukeran agortzen noan heinean. Horregatik, inportanteak sentitzen dira gauero. Sinistu egiten dute beraien lana. Ordaindu egiten diete gainera.

Hil eta gero ordea jaio egiten naiz. Zortzi orduko lanaren nekea pisutsua bada ere, mirariak existituko balira bezela, loak zama hori arindu egiten du. Hurrengo egunean indarberrituta esnatuko naizen egiak ez dit hutsik egiten. Eta dena hobeto ala okerrago berriro hasten da. Loaren azken tantak agortu egiten dira eta anfora hori berriro izerdi tantarik gabe hutsik jartzen da. Egun berri batera jaiotzen naiz. Badakit edozer gerta daitekeela. Dena posible dela. Gaur ere argitu du, xuxurlatutzen dit ahots batek ohean. Eta egunsenti batek nire begiak konkistatzen ditu. Berriz ireki dira. Gertatu da miraria. Begiak zabaldu egin dira betazal hauek nahi ala ez. Edo nire maitalearentzat ni lo ikustea eguneko saririk onena bada ere. Goizalba iritsi da, esaten dit maitaleak edo iratzargailuak. Gaur aukera berri bat duzu.   

Maitaleak edo iratzargailuak esnatu, goizeko zazpietan batzuetan maindireak desiratzen ditut gehien. Horrela gertatu ohi zait niri astegunetan behintzat. Esnatzeko momentua nahi baino lehenago iristen denean. Beste egun batez, beranduegi lokartu ginela jabetzen garenean. Ez, gaur ere ez dituzu zortzi ordu lo egin, leporatzen dit iratzargailuak. Tori merezitako zigorra. Horra hor gaua maitaleena den ekuazioaren emaitza borobila. Egun osoan zehar airean borobilak eginez ibiliko zarela. Aho zabalka igaroko duzula eguna. Hori jakinda, iratzargailuari bost minutu gehiago eskatzen dizkiot jaiki baino lehen. Eta azken bost minutu horiek gau osoko minutu gozoenak izaten dira. Esnatu aurreko segunduen atzerako kontaketa hori. Bizitza berri batera iritsi aurreko momentua. Bost minutu gehiagorekin nahi adina lo eginda bezala jaikiko naizela sinesten dudan momentua. Gaueko azken bost minutu horien emankortasunak adorea ematen du edozertarako.

Baina zer izango ote dira orduan gaueko azken bost minutuen ordez, bizitzako azken bost minutuak? Hori galdetzen diot nire buruari logelako iluntasunean. Egunaren hasieran, ez dakit zergatik,  bizitzaren bukaeran hausnartzen dudanean. Azken bost minutu horietan. Nola amaituko da dena? Nire bizitza zuzentzen duen gidariari galdetzen diot. Iratzargailu maltzurretik baino maitale sutsutik gehiago eduki dezan erregutuz. Ez nazazu haizeak hautsa bezala eraman.  Oraindik ez. Eta horrela egunari ekiten diot.       


Argazkia: Larry Towell, 1994. Iturria: Magnum Photos. 


No hay comentarios:

Publicar un comentario