Haur eta Gazte Literaturako idazle ezagunetariko bat dugu
Gianni Rodari, ekarpen itzela egin duena esparru honetan. Bere estiloak Italiatik
mundura garamatza fantasia eta jolasa hitzaren bitartez josiz eta musikatuz. Irakurlea
bizitzaz maiteminduaraziz. Arteaz. Umeentzako liburuak dira bereak, baita ume
handientzat ere. Alegia, norbera izan zen ume hura bizirik mantentzen duten
helduentzat edo berpiztu nahi dutenentzat, bederen. Eta niri idazle hau
deskubrituarazi zidaten bezela ni ere saiatzen naiz nire ingurukoak
rodarizatzen. Horregatik, noizbehinka berak proposatutako ariketa bitxi bat
egiten dut. Binomio fantastikoaren ariketaz ari natzaizue, Gramática de la fantasía liburuan istorioak asmatzeko aurkezten
duena. Bere proposamena honetan datza: bi hitz aukeratu behar dira (euren artean
zerikusirik ez dutenak) eta ipuin bat sortu. Hain sinplea eta hain zaila. Horren aberatsa
eta horren eskema apurtzailea. Izan ere pentsamendua bikoteetan antolatzen da
gaua eta eguna bezala, baina, unibertso desberdinetatik datozen hitzak
ezkontzea batzuetan politikan deitzen dioten batuketa antinatural horietako bat
egitea baino arrotzagoa suertatzen da. Horrela, nola asmatuko genuke, adibidez,
txokolatea eta alfonbra hitzekin istorio bat? Txokolatea alfonbrara erori zen
eta…
Jarrai dezagun ariketarekin. Bi hitz aukeratuko ditugu
berriro ere. Horietako bat hauxe: “barkamena” hitz potoloa. Eta bestea?
Pentsatzen jarriz gero berehala jabetuko gara barkamena hitzaren unibertso
semantikoan abaniko zabal batean sartzen diren hitzak ditugula. Jakina,
“barkamena” eta “infidelitatea” edo “barkamena” eta “malkoa” binomioak berehala
akoplatzen zaizkigu. Ostera, ez hain automatikoki baina “barkamena” eta “leihoa”
hitzak elkarrekin dantzan jarriko genituzke. Honek barkatzearen ekintza
gizakiaren bizitzan edonon eta edonola erabat errotuta dagoela pentsatzera
garamatza. Eskemak apurtzen dizkiguna ez da bigarren hitza edo zer den barkatu
behar dena, baizik eta barkatzea bera, hori beti baita zerbait zaila. “Hori
ezin dut inondik inora barkatu”. “Inoiz ez dut hura pasako”, aspaldiko zerbait
bada ere. Barkatzearen ekintza jasotako mina alboratzea eta ezikusiarena egitea
dela iruditzen zaigu. Ahulagoak egiten gaituela eta ez indartsuagoak. Eta
norberari barkatzea tokatzen zaiona beti da barkatzeko zailena eta ezinezkoena.
Bizitzak barkamenarekin denori planteatzen dizkigu binomio
zailak. Txokolatea eta alfonbra bezalako hitz bi konbinatzea bezala.
Ordenagailua eta olatua bezala. Zapata eta esnea. Zerbait barkatzea tokatzen
zaigunean minak ez digu ikusten uzten eta binomio fantastikoa, binomio ezinezko
egiten dugu, bizitzari ateak itxiz, gure zorionaren ateak blokeatuz.
“Beranduegi da barkatzeko”, “mina gailentzen da”. Ez ote zaigu ahaztuko, ordea,
batzuetan guri norbait barkatzea edo ez barkatzea aurkezten zaigun bezala,
norbaitek gu barkatzea edo ez barkatzea duela parez-pare?
Barkamenarekin ankerkeria asko konbina ditzakegu edo
eguneroko bizitzako hamaika tontokeria. Eta honekin gogoratzen dugu hobe dela injustizia
bat pairatzea, injustizia hori egitea baino. Esan gabe doa, justiziak asko
dakiela injustiziaz. Jaiotzen garenean, baina, denok egon beharko genuke prest –injustiziaren
erreinura jaiotzen garen heinean, alegia, mundura- barkamenarekin binomio
fantastikoak egiteko, hauek nonsense
ikutuarekin absurdotzat eman badaitezke ere. Ikuspuntu honek bizitzarekin sormen
jarreran egotera garamatza, hau da, bizitza bizitzeko portaerara. Gianni
Rodariren hitzak moldatuz, errealitateari (kasu honetan bizitzari edota barkatu
behar diogunari) etxeko ate nagusitik pasatzen uzten ez badiogu ere, leihotik
sartzen lagatzen diogula.
Batzuetan barkamena kristautasunarekin edo orokorrean
erlijioekin lotzen dugu baina ohitura laiko unibertsal bat izan beharko
litzateke eta gizarteak horretara bultzatu beharko gintuzke. Esate baterako, “Aita
Gurea” orazio kristauak “barkatu gure zorrak, guk ere gure zordunei barkatzen
diegunez gero” hitzekin azpimarratzen digu barkamenak, barkatzea eta barkatua
izatearen bi aldeak dituela. Pentsarera zaramatza “Aita Gurea” orazioak
ikuspuntu erlijiosotik baina baita edonor hunkitu dezakeen poema laiko handi
bat bezala.
Barkamena hitz handia da, bizitzari bere handitasunean
bizitza izaten utziko bagenio bezala. Rodariren ipuinen fantasia ezinezkoak,
bada, hori gogorarazten digu: bi muturrek artea egin dezaketela eta gu agian
artistak ez bagara ere, artearen hartzaileak garen heinean, esklabuak ere ez
garela (kasu honetan -eta barkamenaren binomioari helduz gero- bizitzaren
esklabuak). Ezin da ahaztu, ordea, barkamena ez dela minak desagertarazten
dituen botoi automatiko bat. Horregatik, nola erreparatu egindako mina? Bai
luzea eta mamitsua barkamenaren ipuina.
Argazkia: Elliot Erwitt
No hay comentarios:
Publicar un comentario