Abesti batzuk ez gaituzte sekula nekatzen. Ez al da hala?
Behin eta berriz entzunagatik ere beti zaizkigu atseginak eta barreneraino
iristeko modukoak. Ez dakit zein den musika batek honexegatik beti gazte eta
fresko mantentzeko bere baitan gordetzen duen ukendu edo brebaje misteriotsua.
Baina kontua da gertatzen dela infinitoraino entzunda ere kantzio bat otoitz edo orazio eterno bat bezala
itsasten dela gure bihotzean. Garaiak
ere baditugu abesti konkretu batekin hilabeteak igaro ditzakegunak. Are
gehiago: bizitzako etapa zehatz bati lotuta eduki dezakegu abesti bat.
Instituto garaiko abestia, garai unibertsitariokoa, haurdunaldian
entzundakoa... Eta horrela gure abesti kuttunen entzule finak bihurtzen gara
berriz, berriz eta berriz entzunaz. Haurtxoei ere gertatzen zaie hau bera:
doinu bat eureganatu eta gurasoei nazkatzeraino abesti bat berriro jartzeko
eskatzen dietenean.
Musika nola entzuten dugun ere asko aldatu da. Edo beste
modu batera esanda: musika nola kontsumitzen dugun pentsatzen jarrita
kontsumitzaile soilak garela esatea ez da gehiegikeria bat. Lehen abesti baten
doinuak barrena lapurtzen zigunean musika dendara joaten ginen edo irratian
abesti hori noiz entzungo zai egon ere bai. Gure musika taldearen diska erosten
genuenean, diskako argazkiak, letrak, koloreak, dena geureganatzen genuen. Gaur
egun, berriz, dena oso eskura dugu. Youtube delakoan abestiaren letra jarrita
berehala topatu dezakegu gure abeslaria. Mugikorreko aplikazio batekin ere bat
batean jakin dezakegu abesti baten doinua norena den. Nahikoa da mugikorra
airean jarri eta uhinen bitartez ditxosozko aplikazioari lana egiten uztea. Eta
nola ez, musika deskargatzeko programei buruz hitz egiten jarriz gero, hankaz
gora jartzen dira gure musika entzuteko ohitura zaharrak. Programa hauek
baitira hein handi batean musika kontsumitzaile egin gaituztenak.
Hain zuzen, musika-fruitu hauek jasotzeko zuhaitzak diren
Emule, Ares edo Kazaa bezelako programetan noiz edo noiz ariketa bitxi bat egiten
dut. Abestiaren izenburua edo artistaren izena jartzeko eremuan hitz solteak
jartzen ditut. Horrela “love”, “crazy”, “cry”, “goodbye” bezelako hitzak jarriz
gero nolabaiteko abesti-urjauzi liluragarria gertatzen da aipatutako programan.
“Love”, maitasuna: ez al dugu, ba, indar honi esker aurrera egiten bizitzan?
“Crazy”, erotu. Musikak ez al ditu, ba, pizti basatietak eta eroenak lasaitzen?
“Cry”, negar egin. Musikarekin ez al dugu, ba, sarritan negar egiten gure
saminen izenean? “Goodbye”, agur. Melodía bati eutsita ez dira al dira, ba,
gure despedidak eramangarriagoak? Nire ondoan daukadan amari galdetu diot zein
hitz den beretzat ariketa honetarako iradokitzailea. Berak “pain” hitza
proposatu dit: mina. Eta imajinatuko duzutenez ikaragarrizko abesti emana
iritsi zaigu. Mila abesti baino gehiago aurkitu ditu programak ziztu bizian.
“Pain” hitzaren ondoren “miss” jarri dugu eta ia bi mila abestiko kaskada
etorri zaigu gainera.
Abestiek ibaiak dirudite. Denak musika deitzen diogun
horretan itsasoratzen dira eta korronte handiak mugiarazten dituzte. Itsasoko
mugimenduek, musikaren melodiak bezala, nolabait gure arimaren mugimenduak
esplikatzen dituzte. Eta Internet gure pentsamenduaren islada bezala ez da
musikak eragiten dituen korronte hauei bizkarra ematen geratu. Ibaiak hizpide
hartuta azken aitorpena: bizitzako
momentu honetan “Cry me a river” izeneko abestia dut gogoko. Ez nau asetzen
abestiak. Entzunaldi batek beste bat eskatzen dit. Maitasun traizio baten
ostean, ibai bihurtutako negar malkoak kontatzen ditu abestiak. “Egin niri
negar ibai bat”, dio abeslariak minduta. Hona hemen giza-sormenaren magia:
ibaiak min bihurtu eta minak musikan eraldatzea.
zenbat negar... zureak blogean isuri hobeto al zaude?
ResponderEliminarBai! Hitz adina malko! Mila esker :)
ResponderEliminar