viernes, 8 de marzo de 2013

Bihotzetik igaro ondoren


Bada ingeles hizkuntzan nire lilura pizten duen espresio bat. Gaztealaniazko beste aditz baten etimologiarekin erlazionatuta dagoela esan genezake. Hauek biek memoriari egiten diote erreferentzia, zerbait gogoratzeari, hain zuzen. Ingelesez “learn by heart” esateak, izan ere, zerbait buruz ikastea esan nahi baitu, alegia, memorizatzea. Itzulpenaren esanahi literalari erreferentzia egiten badiogu, baina, espresioak ikasi beharreko hori bihotzarekin ikasi behar dela dio. Memoria eta bihotza, horrela, hurbileko bi termino bezala aurkezten zaizkigu. Jakina, bizitzan zerbait gogoratzeak pena merezi badu, sentimenduei lotuta dagoela iradokitzen digu esperientziak. Era berean, oker ez banago, gaztelaniaz “recordar” esaten dugunean, benetan zerbait bihotzetik igaro ondoren memoriara itsatsi dugula esan nahi du. Hau da, etimologikoki “recordar” hitzak bihotza jartzen du memoriaren eta gogoratu behar den horren artean. Horrela esplikatzen da: “recordari” aditz latindarra “re” (berriz) eta “cordis” (bihotza) elementuek osatzen dute. “Recordari” aditzak zerbait gogoratzeko, hori berriro bihotzetik igarotzera gonbidatzen gaitu.  Euskaraz, nik dakidala, ez dago memoriari horrelako erreferentzia poetikoa egiten dion espresiorik. Frantsesez ere “par coeur” (bihotzez) esaten omen da zerbait buruz ikasten denean. Memoriaren egoitza, pentsatzen baitzen bihotzean zegoela. 

Gaur egun zerbait buruz ikasteak ez du ospe edo begirune berezirik pizten. Eta ez da harritzekoa. Urte asko igaro dira zerbait ikastea, benetan ulertu ondoren zetorren barneraketa prozesu bat bezala ulertzeko. Hezkuntza munduan honi aprendizaia esanguratsua deitzen zaio eta jakintzak erlazioanatzea edo erakutsi-irakatsi prozesua ikasleak dakien eremu horretatik abiatzea suposatzen du. Ikuspegi honek ez du goraipatzen ikasketa mekaniko bat,  azterketa ondoren ikasleak memorian gordetakoa ahaztuko duela suposatuz eta buruz ikastea errepikapenean oinarritutako prozesu bat dela ikusiz. Zertarako zerbait memorizatu azterketa soil baterako, ondoren sekula santan ez gogoratzeko? Zerbait memorizatzeak ez du bermatzen ikasleak zerbait jakin badakiela.

Britainia Handiko gobernuak lehen hezkuntzako ikasleek, hain zuzen, olerkiak buruz ikas ditzaten neurriak hartzear dago: “learn by heart” delako hori nahi dute praktikan jarri poesiarekin. Apostu hau ez da berria baina indarra hartzen ari da eta Michel Gove Hezkuntza-idazkariak pil-pilean jarri du kontua. Ekimen honekin okerkari klasikoak mantendu nahi dira ikasleen memorian. Ukaezina da esan dugunarekin ekintza hau era bikoitzean dela iradokitzailea: poesia bihotzetik igarota ikastea, alegia. The Gurdian egunkariak adibidez, honen harira test bat egin du bere irakurleen artean. Poema bat aurkeztu ondoren hiru amaiera posibleen artean esaldi zuzena aukeratu behar da.

Poesia bihotzean eta garunean mantentzea bereziki erabilgarria izan da bestalde erregimen batzuetan zentsura neurriei aurre egiteko. Are gehiago: egoera zailetan buruz ikasitako poemak nolabaiteko aterpe eta edertasun edo itxaropenaren gotorleku bilakatu izan dira. Zirraragarria da, adibidez, Auschwitz ezagutu zutenen artean poesia eta superbibentziaren arteko harremanaren berri izatea. Beste elikagai batean bilakatu zen eurentzat poesia.

Baina gatozen gaur egunera. Gure eskoletan neurri hauek praktikan jarriko balira zer ikasiaraziko genieke gure haurrei? Zer nahiko genuke gure ikasleen memoria poetikoan gorde? Niri ez didate inoiz poema bat buruz ikastera gonbidatu eta are gutxiago behartu. Ez dut imajinatzen hemengo ministro edo sailburu bat horrelako ekimenetan murgilduta. Ez gara ingelesak. Nik aitortu behar dut ordea, ikasgaiak memoritzatzearen defendatzailea ez izanda ere, enbidia moduko zerbait ematen didatela.

Ilustrazioa: Pablo Amargo 

No hay comentarios:

Publicar un comentario