viernes, 8 de febrero de 2013

Igande arratsaldeak



Asteko egun bakoitzak bere poetika propioa dauka. Eta egunak izatez berdinak badira, egutegian begiratuta  oso bestelakoak presentatzen zaizkigu. Izaera propio honetatik ihes egitea gainera oso zaila da “normala” deitzen diogun bizimodua jarraitu nahi duen edonorentzat. Oinarri hau kontutan hartuta liluratuta utzi ninduen behin Ramón Eder idazlearen aforismo batek. Hain hitz gutxiz osatutako esaldi esanguratsuak honela zioen: “pertsonaren izaera igande arratsaldeetan garatzen da”, “el carácter se forma los domingos por la tarde”. Esaldi sinple honek bere baitan gauza konplexu asko gordetzen ditu. Ez al da, ba, izaera oso alderdi desberdinetatik eta ikuspuntu anitzetatik juzgatu daitekeen zerbait? Goizek eta arratsaldeek ere ez al dituzte gauza ezberdinak iradokitzen?  Eta igandeari dagokionez zer esanik ez: nola konpara genezake astearte bat, larunbatarekin? Nola ulertu berdinak direla osteguna eta astelehena? Eta ostirala edo igandea? Ez nabil lan egunak edo gorriz jantzitako egunak bakarrik konparatzen. Haratago doan zerbaiten ebokazioa somatzen dut Ramón Ederren hitzetan. Nik behintzat esaldi hura irakurri nuenean “nire igande arratsaldeak” ekarri nituen memoriara. Eta jabetu nintzen zentzua bilatzen niola aforismoari., jakina, zentzu poetiko bat. 

Hain bilakatu da niretzat esaldi mamitsua igande arratsaldea eta izaera elkartzen dituena, asteko azkeneko egunaren arratsetan nire burua behatzeari ekiten diodala. Norekin pasatuko dituzu ordu horiek? Zer egingo duzu? Nora joango zara? Zer jantziko duzu? Zer jango? Zer entzun? Horrela, astearen hasieraren atariko ordu horiek oso neureak egin ditut. Era zeharo posesiboan deskribatu ditudan ordutxoak askatasuna arnas dezaten saiatzen naiz. Alegia, deskantsatzeaz eta nire buruari dedikazio bat eskeintzeaz gain, libertate orduak sorrarazteari ekiten diot, nire izaera askatasunaz elikatuta egotea posible bada, horrela izan dadin. Hau esanda, ez nuke astakeria bat esango, libertate ordu horiek bai haurra eta baita heldua dena hezi egiten dutela azpimarratuko banu. Heziketa informal hau serio hartzeko zerbait dela gogorarazten dit, ba, igande arratsaldeen aforismo horrek.

Hain zuzen igande arratsalde batean beste hitz batzuk heldu zitzaizkidan heziketa informal honekin erlazionatutakoak. Bernard Shaw idazlearenak dira hitzok: “Txiki-txikitatik nire heziketa moztu beharra izan nuen eskolara joateko”, “desde muy niño tuve que interrumpir mi educación para ir a la escuela”. Heziketa formala bezain indartsua edo eraginkorragoa baita heziketa informala eta igande arratsaldeak, adibidez, ekintza horietara dedikatzeko ezin hobeak baitira. Esate baterako, irakurtzea edo pelikulak ikustea maite dutenek ziur ulertzen dutela zer esan nahi dudan heziketa informalarekin. Alegia, liburuek edo filmeek norberaren izaera garatzen dutela esatea zerbait zentzuduna dela esango nuke.

Beste behin Paulo Coheloren liburu batekin Philiph Pullman idazlearen hitzak erregalatu zizkidaten. Horrela, liburuen defentsa egiten zuen heziketa informalaren aldeko deklarazio bat irakurri nuen: “ez dugu zer den zuzena eta zer ez den zerrendarik behar. Behar duguna liburuak, denbora eta isiltasuna dira”. Hau guztia esan eta gero asmatuko zenuten jada, igande arratsaldeak irakurtzen igarotea oso plan ona iruditzen zaidala. Eurei, idazleei, nire izaera gorpuzten uztea ideia ezin hobea dela iruditzen zait.. Ez al da ba liburu baten orriak pasatzea libertatearen haize bolada bezalakoa? 

Argazkia: René Burri

No hay comentarios:

Publicar un comentario