martes, 2 de octubre de 2012

Oier Lakuntza Irigoien doktorea



Nire blog honen izpiritua biltzen du mutil honek bere gorputzeko azken atomoraino. Atomo hitza aukeratzen dut berarentzat eguneroko hizkuntza direlako formula kimikoak eta hizkuntza zientifikoa. Oier Lakuntza Irigoien kimikan doktore egin berri da eta zergatik idazten dudan berari buruz galdezka egongo zarete jada.

“Ba al du formula kimikorik maitasunak?”. “Zein printzipio aktibo ditu giza-indarrak edo amatasun zein aitatasunak?”. “Zein da bizipozaren osagai kimiko funtsezkoena?”. “Zer da ikuspegi kimikotik lagunarteko afari goxo bat?” “Kimika kuantikoak molekulen jokaera era matematikoan deskribatzen badu, zein formula erabiliko zenuke zuk bakea deskribatzeko?” Horiek dira, adibidez, Oier Lakuntza doktoreari egingo nizkiokeen galderak. Zeren asko daki kimikaz mutil honek baina gehiago uste dut nik gizakiaren ametsez eta hauek errealitate egiteko ireki behar diren ate guztiez eta ebatzi behar diren giza-problemez. Ez daki Oierrek zer den etsipena eta bere adimeraren argitasunaz baliatu da ez bakarrik kimikan doktore  bilakatzeko eta bertsolaria izateko baizik eta era berean giza-mugak desafiatzeko.

Bere berri iristen zaidanean adimen zein arima eta pertsonalitate dirdiratsuak etortzen zaizkit gogora. Oraintsu irakurri berri dudan “El oficio de ser hombre” dioen liburuaren  egilea den Alexandre Jollien bezalako gizon batekin (garuneko paralisi bat bizkarrean daramanak) edo “El mundo amarillo” idatzi duen Albert Espinosarekin (gaztetasuna minbiziarekin borrokan ibili zena), hamaika giza-sekretu izango lituzke elkartrukatzeko Oierrek. Bera eurak bezela normala izatearen etiketa arraroaren aditu bilakatu baita. Normala izatea zer den bereziek bakarrik baitakite, patu berezi bat tokatu zaienek. Horrek munduarekiko beste begirada bat ematen baitio pertsonari. Oierrek Wolfram sindromea izeneko gaixotasun genetiko  bat dauka eta hamaika oztopo jarri dizkio “normala” deitzen diogun mundu horretan moldatzeko. Baina normaltasunaren mugak hankaz gora jarriz eta indar handia erakutsiz Oier Lakuntza tinkotasunaren adibide bilakatu zaigu.Txiki-txikitan diabetesa  izan zuen oraingo gaixotasunaren lehen síntoma. Institutuan teleskopio batez arbela ikustetik, entzumen eta ikusmen urritasuna izatera pasa zen. Ondoren iritsi zen itsutasuna eta Wolfram izeneko gaixotasun genetikoa zuela jakitera. Oso kasu gutxi ematen dira baina are gutxiago nola aurre egin dion kontutan hartzen bada. Klaseetako apunteak entzun egiten zituen eta tesia egiteko bakarrik bizitzearen esperientzia ere bizi izan du bere gaixotasuna gainditzen aintzindaria bilakatuz.

Izan ere munduak paradoxa handiak ezkutatzen ditu bere baitan. Nola da posible orduan Beethovenek gorra izanda musika konposatu izana? Oierrek itsua izanik atomoak imajinatu egiten dituela dio ikusi ezinik. Bere tesi-defentsa, egia esan, bizitzaren aldeko garrasi ikaragarria izan zen eta emaitza “cum laude” nota egotzi ziotela da. Harro egotekoa da –zalantzarik gabe- munduan berak duen gaixotasunarekin horrelako ikasketak dituen pertsona bakarra izatea. Berak bizi duen iluntasunean argitasun ikaragarria duela erakusten du. Horrek Borgesek itsu geratu zenean behin idatzitakoa dakarkit burura: “Nadie rebaje a lágrima o reproche / esta declaración de la maestría / de Dios, que con magnífica ironía / me dio a la vez los libros y la noche / De esta ciudad de libros hizo dueños / a unos ojos sin luz, que sólo pueden leer en las bibliotecas de los sueños / los insensatos párrafos que ceden / las albas a su afán. En vano el día / les prodiga sus libros infinitos, / arduos como los arduos manuscritos / que perecieron en Alejandría... Hitz ederrekin jolasten dute poetek edo bertsolariek, dirudienez, gure patuek jostailuak direla ematen duen bezala. Oierrek badaki hizkuntzarekin jolasten eta baita zailtasunekin ere. Jolas eta borroka hori ederki islatu zuen Maialen Lujanbiok tesi-defentsan habanera doinuan, Zorionak Oier:

                        Bertsoak eta kimikak
                        Zugan egiten dute bat bik
                        Zientziaren poesia
                        Euskararen kuantikatik
                        Ezina ekinez egina
                        Ikas liteke zugatik
                        Ejenplu izan nahi ez duzun
                        Ejenplu zera hargatik
                        Hainbeste hitz ulertezin
                        Eta inizialetatik
                        Errimategi berri bat
                        Sortuko duzun ez dakit
                        Zorionak zuri, Oier
                        Zorionak denagatik
                        Orain arteko bidea eta
                        Egingo duzunagatik 

No hay comentarios:

Publicar un comentario