domingo, 28 de octubre de 2018

Maite zaitudalako sortzen dut graffitia Yeats berak egingo zuen



Bada aspaldi honetan Donostian edonon ikus daitekeen graffiti bat. Nik iazko neguan ikusi nuen lehen aldiz. Urtarrileko arratsalde ilun eta euritsu batean barrenera iritsi zitzaizkidan hitzak izan ziren graffitian irakurri nituenak. Ez baitu irudirik graffitiak. Hitzak bakarrik. Baina hitz apasionatuak dauzka. Zubipeko pasadizo batean deskubritu nuen esaldia. Nire ibilbidean nindoanean tunelera sartu nintzenean. Trenak gaineko zubitik pasatzeari ekin zion eta beti bezala zalaparta beltz bat entzun zen behean geundenen belarrietan.

Hilerri batean harrapatuta nago, pentsatu nuen segundu batean nire belarri hotzekin zubipe horretan nindoanean. Hau da Hades bezala ezagutzen dugun zulo handi hori. Afari usainik gabeko hildakoen egoitza handia. Zein ongi dauden hor goian bizirik daudenak, esan nuen. Zein ongi dauden. Trenak norabide bakar bati jarraitzen baitio beti goikoen munduan. Zubiaren gainean. Ez doa Brinkolara edo Madrilera makina hori. Bizitzaruntz doa beti trena goikoen munduan. Bero-bero doaz gainera bidaiariak. Eta ni hemen behean hilik aurkitzen naiz. Jainko batek nire odola berriz berotzeko irrikitan. Jainko batek berriro bizitzera joateko agindua emateko zain. Bizitza berri batera pizteko. Ez, ez dut trenaren gurpil astunen oihartzun izoztu hau berriro zubipean entzun nahi. Inoiz ez, errepikatu nuen nazkatuta. Zubiaren gainean esnatu nahi dut bihar, zin egin nion nire buruari. Bizitzaruntz joan nahi dut trenean.

Eta tunelaren amaieran ikusten zen jolas parketik ume baten oihua iritsi zitzaidanean, erreskate bat eskatu nien Jainkoei. Inbidia nien bizitzaruntz zihoan treneko bidaiariei. Ez nuen gogoko beraien algara  ni hilerri busti batean nengoen bitartean. Arimen mundutik urrun, gogoa nuen berriro trenean ezagun batekin hitz eta pitz joateko. Alboko pertsonaren zapatei so bere bizitza imajinatzeko. Zeharka begiratuz zein liburu irakurtzen doan asmatzeko. Egun amaierako bere izerdia eta perfumea nire sudurreraino iristen direla somatzeko. Lehen aldiz maitemindu den nerabe baten moduan geltokiak begiradarekin abiadan irensteko. Neska edo mutil hori ikusteko falta diren geldiuneak zenbatuz. Bizitzaruntz doan trenean, neguko leiho lurrinduetan non goazen bereizteko gogoa nuen. Legorretan ala Ikaztegietan. Gasteizen ala Dulantzin. Gure arnasek bizitzaren lurrin hori eteten ez duten bitartean.   

Eta gutxien espero nuenean hitz batzuek bizirik egoteko gogoak areagotu zizkidaten. Groseko tren geltokiaren zubipeko horma garbi-garbi batean irakurri nituen. Aurrerantzean askotan aurkituko nuen graffitia zen. Kaleko arte kategoria zuten hitz horiek. Kaleko poesia, pentsatu nuen. Koaderno baten lehen orria irekitzea bezala izan zen hitz horiek irakurtzea. Maiteminak jota zegoen pertsona baten koaderno berezia zabaltzea. Maite zaitudalako sortzen dut jartzen zuen. 

Nik orri txuriak sortzen duen beldurraz galdetu nahi nion bihotza apurtua zuen amorante horri. Nondik etorri zaizu  Maite zaitudalako sortzen dut esaldiaren inspirazioa? Zer min duzu esaldi hori asmatzeko? Hizkien grafia aztertu nuen ea horrek pistarik ematen zidan. Tarte horretan grafologo bat izateko eduki behar diren trebeziei buruz pentsatzen egon nintzen. Hitz horien formetan utzitako pistak identifikatzea posible balitz agian graffitigilea topatuko nuelakoan.

Maite zaitudalako sortzen dut bezelako esaldiak poetenak dira, pentsatu nuen tunelaren amaierako argiari begira. Donostiak poeta sekretu bat dauka guk jakin gabe. Agian izarren argiekin hormak idaztera ateratzen dena. Zauriak balira bezala, bere hitzak spray beltzarekin sendatzera abiatzen dena. Eskuetan arima sendatzeko ukendu bat duelakoan. Paseo Berrian, Haizearen Orrazian, Kontxan, Zurriolan, non ez zuen aurrerago Maite zaitudalako sortzen dut idatziko poeta honek bere mina akabatzeko? Bere maitasuna deklaratzeko? Baina enigma misteriotsuena beste bat zen. Nor da poeta honen musa ezezaguna? Nor kalean poesia oparitzen digun iturri emankor hori? Irrifarra ateratzen digun maitale hilezkorra? Horrelako esaldiak erdituarazten dituena? Hilik ala bizirik egongo den ez dakigu. Baina donostiarrek zerbait zor die pertsona horri, hausnartu nuen.

Auskalo, agian gure poetak hiru edo lau aldiz eskatu dio ezkontzeko musa horri, pentsatu nuen trenaren biletea erostean. Eta gure graffitigilearen nahigaberako musak ezetza eman dio. W. B. Yeats idazleari gertatu zitzaion bezela. Maud Gonne omen zen Yeats-en musa handia. Ez bat, ez bi… Lau aldiz ez zela berarekin ezkonduko jakinarazi zion emakumea izan zen Maud Gonne. Hori gutxi balitz, edonor etsitzeko moduko ezezko hauek eskertu egin behar zizkiola esaten ziona. Gonne anderea eta bere ezezko guztiak Yeats-entzat inspirazio iturri bilakatuko zirelako. Maite zaitudalako sortzen dut hitzek horregatik Yeats eta Gonne gogora ekarri zizkidaten. Maitasun mingarri hura sormenerako itzela izan zelako. Gonne itsu maitatzeagatik Yeats-ek sortu egiten zuelako. Batek daki, poeta irlandarrarena zen agian Maite zaitudalako sortzen dut esaldia. Beharbada, berak idatziko zuen bere maitea omentzeko. Bizitzak ezin zuena hitzek betirako elkartzeko.  

Eta Yeats buruan nuela, ez dakit geltokiko bozgorailuko ahots batek edo Jainkoek azken aldiz hitz egin zidaten. Baina zetorren koska batekin jabetu nintzen bat batean neguko zapatak jarrita nituela. Oinak berriro bero sentitzen nituela. Nire pausoen jabe nintzen eta zerbait hastera banindoan bezela geltokiko eskailerak igo nituen. Irrifarra nuen aurpegian. Berehala hartuko nuen trenak, arteak bezela, bizitzaruntz eramango ninduen. 


No hay comentarios:

Publicar un comentario