martes, 27 de marzo de 2018

Zein eguraldi egingo du bihar nire bihotzean?




Satelite batek bihar soinean zer jantzi behar dudan esaten dit. Meteosat izenarekin aurkezten dizkit bere irudiak eta iradokizunak telebistan. Ondoren meteorologoek datorren eguraldiaren iragarpenak egiteko. Armairutik zer arropa atera behar dudan jakiteko. Bai, izarren ondoan egotea gustatzen zaion eguraldiaren Polaroid makina batek lehorrerako zapatilak edo euritako botak jantzi behar ditudan esaten dit. Eta nahikoa da entzun nahi nuen bere uhinen, mezuen, argazkien bitartez egun hauetan. Nahikoa da. Hobeto jertse lodi hori dagoen tokian uztea. Barruko kamiseta hurrengo negurako gordetzea. Euritako bota horien zamaz libratzeko garaia da, neska. Udaberri anderea dator entzun nahi nuen prime time garaian. Udaberri anderea dator soineko berdea jantzita.


Espaziotik nire egongelara iristen zaizkidan irudiak ez dira ordea antizikloienak, soinekoenak, eguzkitako betaurrekoenak. Eta lurrera eroritako gosariaren esnea diruditen borrasken silueta txuriek aspertuta naukate. Bihar euria egingo du. Bihar ere ezin duzu aterkia ahaztu, esaten dit aspaldian gauero satelite batek.  Baina eguraldiak bereziki arduratzen nau oporrak hurbiltzen ari zaizkidanean. Orduan eguraldiaren telebista saioetako aurkezleak nire egongelaren jabe egiten dira lotsagabe. Nire egongelako telebistan futbol jokalarien adinako protagonismo minutuak izaten dituzte. Eguraldiaren kronikak datozen egunen aurrerapena egiten didalako. Oporren aperitibo goxo-goxo bat bezala. Presio altuen edo baxuen itxarote horretan. Ez atzetik. Oporrak aurretik ditudan benetako zorion horren tenperaturan.

Eguraldiaren saio hauek asko sofistikatu dira. Badute igogailuko elkarrizketen arintasuna, zientziaren logika argia eta baita poesiaren ispilu jostalaria. Baina batez ere, eguraldi gizon eta emakumeek  bizitza eta edertasuna omentzen dute. Eguraldiaren iragarpena txarra izan arren aurkezle hauek tonu baikor bat ematen saiatzen dira beren saioari. Edo fenomeno metereologikoen azalpen zientifikoak ematen dituzte labur zein era ulerkor batean. Geografiaz ere ikasten dugu eta mendikate edo ibaien izenak barneratzen laguntzen digute. Gainera, Ventusky bezelako aplikazioekin gertatzen den moduan gero eta zehaztasun maila altuagoan egiten dituzte iragarpenak. Batzuetan orduz ordu, tantaz tanta, izpiz izpi. Ia-ia parodiaraino albiste pertsonalizatuak eskeini arte. Orain merkurioak gora egingo du, gero behera. Orain hego haizeak logurea emango dizu eta egunaren azken orduetan ipar haizeak euria ekarriko du zure auzora giroa garbituz. Eta ez ahaztu sentsazio termikoa. Ez ahaztu eguraldi garaikidearen kontzeptu hori. Baina ondo pentsatuz gero eguraldia aurreratzen didan gizon edo emakume hori spoiler madarikatu bat da. Alarmista bat. Hurrengo egunaren misterio guztia deuseztuko dit. Goizean leihoa ireki eta eguraldia usaintzeko nire gaitasuna lapurtuko dit. Barkatuko diot dena den eskuzabal. Zeruak eskeintzen dizkigun egunsenti eta ilunabarren irudiak oparituko dizkidalako. Eguzkia sartzen ikustera gonbidatuko nau telbistan ikusten dudan hondartza batean. Cumulonimbus baten formak maitatzera iritsi arte. Zeruak emateko duen guztia nire egongelan hustu arte. Lotarako musu zaparrada bat bezala. Besterik ez jaun-andreok, agur esan arte.   

Baina eguraldi gizon eta emakume hauengandik benetan jakitea gustatuko litzaidakeena ez da abisu horia, naranja, gorria izango dugun. Nire paseoan olatu batek harrapa nazakeen. Zubia zeharkatzen dudanean haizeak aterkiari buelta emango dion. Ez, hori ez. Isobara mapek nire bihotza marraztea nahi dut. Horrela nire bihotzeko kale bustietan zer giro egingo duen jakingo dudalako.  Bai, Irma edo Katrina urakanen beldur den itsas portua bezela hau galdetuko dut gaur gauean zuhur. Zer eguraldi egingo du bihar nire bihotzean? Zer eguraldi egingo du hemen barruan? Galdera hau zuzenduko diet eguraldi gizon eta emakumeei. Kapitain baten ardura nire bularraldean hartuta. Nire itsasoko kapitainaren ardura. Zeren ez bainau hainbeste kezkatzen Donostia urdin edo gris margotzen duen eguraldi horrek. Ez, nik euripean dantza egiteko eguraldiaren iragarpena maite dut. Euria egiten duenean zerutik erortzen diren tantak edan nahi ditut. Nire hiriko euri tanta horiek diamanteak bezala desiatu. Ez baitago eguraldi txarrik bihotza eguzkitsu duenarentzat. Bere umorea eguraldiak baldintzatu gabe mantentzen dakienarentzat. Kanpoan ari duena kanpoan uzten dakiena jakintsua da.  Eta bizitza, benetako bizitza ezagutuko du ekaitz bat zeharkatzen  dagoen bihotzak. Ekaitzean edertasuna ikusten dakienak. Ekaitz perfektuak miresten dituenak. Bihotzean laino beltzak ageri diren egun bat, hilabete bat, urte bat iristen bada hauek joango diren dudarik ez duenak. Irrifarre egingo dionak oporretan, ostiraletan, astelehenetan zeruari. Zeruari, eguraldiaren Polaroid makinak gure inguruan bueltak ematen dituen bitartean.

Argazkia: Erich Hartmann, 1967, NYC. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario