domingo, 11 de marzo de 2018

Patioak, lorez beteriko patioak balira akaso defektuak



Zenbait kasutan, zeramika artisautzarekin edo dekorazioarekin lotzen dugu baina artearen kategoria merezi du gehienetan. Zeramika material fina eta noblea da etxean edukitzeko baina aldi berean museo bateko ikuslea hunkitzen du. Harridura pizten dio sentsibilitatea duenari. Hitzek espresatu ezin dezaketen edertasun bat pieza batean konzentra daiteke. Obra batean. Zeramikari baten tailerrean sartzea artista baten sorkuntza tenplua bixitatzea da. Bertara sartzean, kontuz! Ez puskatu ezer, esaten dizu ahots batek. Baina begira, pieza horren isiltasunak espazioa bete du bat batean. Zure ibilera moteldu duzu zerbait puskatuko duzun beldurrez. Eta tailerraren giroarekin bat egiten hasi zara. Gela batean sartu zara baina zure gorputzetik atera zaitu bat batean artistaren tailerrak. Zoragarria da. Buztinarekin oreka perfektuak sentitzea. Piezak daude lurrean, paretetan, alturetan. Ederra da. Ondoan duzun pieza hori munduan bakarra dela jabetzea. Artistaren mahaiaren zabalerak ekintzara eta jolasera bultzatzen zaituela sentitzea. Txoko bateko irratiaren presentziak tailerrean denbora azkar igarotzen dela ondorioztatzea. Desordenaren eta txukuntasunaren armonia esplikaezina ikustea. Esmalteen txokoko  kolore batek zure desira piztea. Anfora baten dotoreziak hitzik gabe utzi zaituela konturatzea. Ia-ia anfora horrek arnastu egiten du, pentsatu duzu. Ia-ia arnastu egiten du, arnastu, arnastu, arnastu. Bizirik dago eta garrantzitsuena, zu bizirik sentiarazi zaitu. Bai, arnasa hartu duzu sakon zuk. Bizirik zaude! Voilà, horra hor zer den artea.
Artistak bere obra kuttunak dauzka baina gehiago erakusten diote bere obra petralenek.  Mila gradu baino gehiagoko berotasuna sortzen duen labe hori da maisua. Buztinari forma eman ostean hau labetik igaro behar da bizkotxo gogor baten itxura hartzeko. Ondoren bizkotxo hauei esmaltea ematen zaie eta azkenik, berriro labean erretzen dira. Labeak prozesu honetan daukan presentzia funtsezkoa da eta aldi berean misteriotsua. Batzuetan labetik atera den pieza ez da artistak labera sartzerakoan buruan zuena. Sorpresak ematen ditu labeak zeramikan. Horregatik, batzuetan akatsak maitatzea erakusten du. Obra batean hasierako ustezko akatsa dohain bilaka daitekeelako. Lorpen estetiko batean. Adibidez, artistaren kontroletik at zegoen esmalte tanta batek ikutu berezi eta definitiboa eman diezaioke piezari azkeneko minutuan. Nolabait, zoriak nahi izan duelako. Labetik ateratzeko instant erabakiorrean. Horregatik, akatsek bere tokia dute artista baten bizitzan eta baita zeramikari perfekzionista baten tailerrean. Obra petral batek aurkikuntza batera eraman dezake artista. Alexander Fleming-ek ez al zuen ba penizilina asmatu akats baten hariari jarraituz? 
Vallauris herrian gertatu zen, Frantziako Kosta Urdinean. Zeramikari batzuen dendan lan egiten zuen Jacqueline Roque izeneko andere gazteaz maitemindu zen Pablo Picasso. Ondoren bere musa izango zena. Eta bere obran betiko geratu dira besteak beste maitasun horren lekuko diren zeramikazko lan ederrak. Formak, testurak, akaberak maitatzera gonbidatzen zaituzten lan itzelak. Bolumenaren poesia errimak dira. Bizipozari idatzitako maitasun eskutitzak. Benetan atsegina da pieza horien zaporea begietan sentitzea. Benetan erraza da instant batean lan horiek maitatzea. Hain atsegina, hain erraza eskuetan izango bazenitu Picassoren pieza horiei hitz egingo zeniekeela. Belarrira hitz egin leun, begiak itxita, samur. Belarrira hitz egin artistaren eskuek egindako piezei. Nolabait itzultzeko pieza horiek zugan sortzen duten maitasun hori. Bizitzarekiko maitasuna. Edertasunarekiko. Industria masifikatuaren garai honetan eskuz egindako pieza bakarren balioa gehiago estimatzen dugulako. Picasso, XX. mendeko artista handiak, zeramika artearen gailurrera igo zuen.  Marinelen kamisetekin janzten zituen beso eta esku horiek buztina urre bilakatu zuten. Nolabaiteko duintasuna eman zion diziplina horri eta Vallauris inguruan zeramika tailer ugari sortu ziren.   
Zer egingo zenuke buztin zati bat emango balizute? Zeramika tailer batean sartzeko baimena izango bazenu zure eskuak nekatu arte? Zer sortuko zenuke alkandora zahar bat soinean jantzi ondoren? Kutxa txiki bat zure belarritakoak gordetzeko, katilu bat saltsa bat mahai gainean dotoreziaz aurkezteko edo agian loreontzi bat?  Udaberria ate joka dugunez loreontzia aukeratuz gero gozatzeko esango nizuke. Disfrutatzeko. Zerbait benetakoa eta autentikoa egitera animatuko zintuzket. Zuk sortutako inperfekzioak maitatzeko esango nizuke. Zure eskuak askatzeko, blokeo batek ez baitu uzten zure onena ateratzen uzten. Niri esan zidaten bezela, zeramikan eta bizitzan defektuak efektu bilakatzen direlako. Pertsona batean gertatzen den bezela, akatsek bakarra egiten dute obra bat. Ustezko ahuldadeak boteretsu egin dezake pieza bat. Zure loreontzia. Zure esentzia, lorea, bihotza gordetzen duen sorkuntza hori. Imajinatu hori garela. Loreak gordetzen dituzten loreontziz jositako patio bat. Dela akatsez eta defektuz beterikoa. Baina ez al da ederra horrela? Ez al gara ederrak, bereziak, bakarrak horrela?    

Argazkian: Pott zeramikariekin egindako kutxa. Nire lehen pieza. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario