lunes, 19 de diciembre de 2016

Ikasle maitea



Ikasle maitea, ba al dakizu nor izan zen Sigmund Freud? Zu eta ni bezalako pertsonen barne mundua ikuspegi berri batetik deskubritu zuen mediku berezi bat. Zuri gustatzen al zaizkizu pertsona bereziak? Inoiz pentsatu al duzu, Freud-ek bezela, zure ametsek adibidez zerbait esan nahi dutela? Amets horiek hondartza batean puskatuko diren itsaso sakoneko ur korronteak direla? Freud-ek, faro indartsu batek itsaso horretako altxor ezkutuak zelatatuko balitu bezala, pertsonen ur sakon eta zabal horietan sartu nahi izan zuen. Nik zure sekretuz beteriko Mediterraneo itsasoa aurkitu nahi dudan antzera. Eta bere lanak erakusten duen bezala, benetan blaitu zen Freud. Gaur egun bere ideiak defendatu ala ez, benetan iraultzaileak izan ziren Vienako bizardun honek egin zituen aurkikuntzak.

Baina Freud beste arrazoi batengatik aipatu nahi izan dizut. Zirrara sortzen didate bere hitz batzuek. Berak zioen gizakiaren bi zeregin handienak bi direla bizitzan. Lana egitea eta maitatzea. Handiagoa egiten zarenean ulertuko duzu hobeto zergatik. Hain zuzen, lanean eta maitasunaren korapiloetan joaten baizaizkio minutuak, urteak kalean gurutzatzen duzun horri. Edonork nahi du bere lana ondo egin eta maitasunean ase izatea. Baina zu haurra zarenez gero zure lana eskolara joatea da, zure gurasoak egunero beharrera abiatzen diren bezala. Eta badakizu gauza bat? Maitasunak ematen digu, nire ustetan, lanera joateko indarra. Gure buruari zor diogun maitasunak eta gure ingurukoek pizten diguten maitasunak.

Lantoki berean lan egiten dugula esan genezake, beraz. Baina urte dezentek belaunaldi desberdinetan banatzen gaituzte. Ni haurra izan nintzen heldua naiz, dena den. Horregatik sentitzen naiz eskutitz hau idazteko eskubide apalarekin. Nire lana zu zarelako eta nik zuretzat norbait izan nahi dudalako. Ekaitzak ekaitz, bidea erakutsiko dizun norbait izatea delako nire misioa. Bat batean ikusiko duzun urruneko argia, ene bada, ikusi duzu dirdira hori? Zure begirada interpretatuko duena izan nahi nuke. Zugan dagoen onena pizteko grinaz goizero esnatuko dena. Astelehenero iratzargailuaren musikaren eta oh bai logurea esaldiaren erdi loaz zutaz gogoratuta alehop esango duena. Maite dut hori. Alegia, irrifarra piztuko dizun hori izatea. Badakizu beste gauza bat? Zure laneko zerbait benetan maitatzea bizitzak eskeini diezazukeen ume jaioberri maitagarrienetako bat da. Egunero berriro sortzen ikusten duzun ilusio eta pasio nekaezina. Maite dut bizitza esanarazten dizun muxu gozoa. Zure kasuan ere, lana eta maitasuna dira zure eginkizun nagusiak. Eta eskerrak eman, hori baino ezin dut egin, hau zuri esatea nire lana delako. Sinistuidazu, honela lana egitea zorte handidun pertsona izatea da.

Ikasle maitea, bizitzan ibili beharra izan dut zure irakaslea izan nahi nuela jakiteko. Baina, ez dago haur bati irakurtzen erakustea baino gauza liluragarriagorik pentsatu nuen eguna iritsi zitzaidan. Irakaslea izan nahi dut ahoskatu zuten nire ezpainek udazken euritsu batean. Tristura ematen zuten egun goibelak ziren haiek. Eta egun busti haietako batean, orain gauza politetan pentsatu behar duzu esan zidan ebakuntza bat egin zidan mediku anestesistak. Eta ni egun batean zure irakaslea izango nintzela amestuz lokartu nintzen kirofano hotzean. Orain loaldi horretatik errealitate irrifartsu eta epel batera esnatu izan banintz bezala sentitzen naiz zure begirada ikasgelan niri zuzentzen didazun bakoitzean. Bizitza ederra da bere zatarkeria guztiekin, ikasle maitea. Minak arintzeko mina jasaten ikasi behar da. Idazle bati irakurri nion bezala, batzuetan ez ohitzera ohitzen da gizakia. Horretarako sortuak izan ginen.


Ikasle maitea, nik ere izan nituen nire irakasleak eta horietako batzuk ez dira nire memorian sekula zahartzen. Behin maisu on batek poema bat eman zigun. Niretzat ezezagun bat zen Gabriel García Márquez-en poema bat. Eta hitz eder haietan bizitzak pena merezi zuela irakurri nuen liluraz. Esaldi haiek nigan zegoen zerbait lapurtuko balute bezala sentiarazi ninduten. Hutsunea utzi zuen poema horrek, irakasle abilak. Bada, nik zuri zerbait erakutsi nahi baldin badizut poema hark zuen mamia da. Bizitza maitatzearen zaporea utzi nahiko nizuke azken aldiz zure ikasgelako atetik irtetzen naizenean. Zu zara nire lana, ikasle maitea. Eta nire lana maitatzearen arrazoia ere zu zara. Eskerrak ematea baino ez zait geratzen lana eta maitasuna besarkada indartsu batean nahasten dituzulako. Zeren batze hori nigan egiten duena zu zara. Ikasle maitea, horrek bizitza maitarazten dit. Eta, nola ez, arbelaren aurrean sentitzen dudan bizipoz horrek, gainera, zure barrena hartzea bizitza da. Bizitza.

Argazkia: David Seymour. 
  

No hay comentarios:

Publicar un comentario