Sartu da eguzkia Zurriolako hondartzan. Mugikorrak eskuan hartuta,
jende asko biltzen da Gros auzoan, doan den ikuskizun honetan.
Lorentxo jauna sartzen lehen aldiz ikusiko balute bezala dirudi.
Norberaren barrenean bizirik dirauen argiak bat egiten du begiek
ikusten dutenarekin. Honetan datza ilunabarren eta egunsentien
indarra. Beti lehen aldia dela dirudi. Begi berriekin ikusten dugu
aldi bakoitzean. Beti hunkitzen du bat kolore gorrixka horien
pastelak ortzemugan. Horrelako liluraren testigu izateak ikusleen
artean elkarrizketa ederrak pizten ditu Donostian, Kenian edo Balin.
Edertasunak edertasun gehiago dakarrelako. Kandelari putz egingo
bagenio bezala itzali da eguzkia azkenean. Bihar arte esan duenean
ikusleak beren goseaz jabetu dira eta apetitoak taberna bidera jarri
ditu ikusitako edertasuna deskribatzeko hitzen beharrean. Urdintasun
argitsu bat nagusitu da segidan. Ordu urdina iritsi da. Hau da,
eguzkia sartu ondoren edo irten baino lehen sortzen den instant hori.
Horrela, ukendu urdin batean bustita dirudi jan dituztela gure
hunkituek beren mokadutxoak. Baina pintxoak ez dira urdinak. Beren
sentimenduak, ostera, agian bai.
GARBOLA TABERNAN
Sarak esan dio
bere lagun Maribeli igaro direla ilunabar politek min egiten
zizkioten egunak. Alegia, jendea bizitza ospatzen ikusteak puskatu
egiten ziola alaba hil ostean berak hain triste zuen barrena. Orain
ez du isekatzat hartzen eguzkiaren argia, egunen joan etorria,
bizitzak jarraitzen duen errealitate gordina. Baina oporrak bukatu
daitezen nahi du. Horrela ez da itoko egun luzeen uretan. Bukatu du
pistatxo kroketa eta eskertu du Sarak bere lagunaren begirada
paziente eta eskuzabala. Entzun egiten diola somatzen du. Berekin
dagoela eta ez duela epaitzen bere tristeziagatik.
Garbola
Taberna. Kolon Pasealekua, 11, 20002, Donostia.
Pistatxo
kroketa eta saltxitxa alemaniarra.
EZKURRA TABERNAN
Peruk esan dio
Iñakiri horrelako ilunabarrek nostalgiaz betetzen dutela bere
bihotza. Gogoan ditu bere neskalagun ohiarekin ikusten zituen sunset
ederrak. Kontatu dio nola zuten ohitura telefonoz hitz egiteko
eguzkia sartzen zen momentuan. Peru Valentzian zenean eta bere neska
Donostian. Groseko hondartzak horregatik ekartzen zizkion hain
oroitzapen pisutsuak. Hondatza hau beren maitasun istorioaren testigu
fina izan baitzen eguzkia jartzean. Peru biluztuta sentitu da sekretu
hori aitortu dionean bere lagun Iñakiri. Barrena hustu du eta
lasaitu egin da. Aspaldian jan duen ensaladilla goxoena dastatu duela
esan du jarraian eta nolabait sendatu egin du bere mina.
Ezkurra
Taberna. Mirakruz Kalea 17, 20001, Donostia.
Ensaladilla
rusa eta onddo eta foie risottoa.
PAGADI TABERNAN
Txokolate
koloreko azala duen Joseph herriminak jota sentitzen da horrelako
ilunabarretan. Hemen hainbeste hunkitzen gaituzten eguzki sarrerak ez
omen dira Nigerian bezain liluragarriak eta indartsuak. Hemen eguzkia
ahula da gure gorputz gihar gabeak bezala. Joseph-ek lagunak egin
ditu Donostian eta hauetako bat da Pablo. Donostiarrak patata
tortilla pintxo batera gonbidatu du afrikarra eta saiatu da
imajinatzen nolakoa izango den Joseph-en ahotan entzuten duen eguzki
hori. Hemen erlojuak dituzue, Pablo, baina guk Nigerian denbora dugu.
Hori esaten dio askotan Joseph-ek atsotitz bat gogoratuz.
Pagadi
Taberna. General Artetxe Kalea 1, 20002 Donostia.
Momentuan
egindako patata tortilla.
MESON BIDEA
BERRI, “EL ANDALUZ” TABERNAN
-Kezkatuta nago,
Nekane. Alaba udalekuetan daukat eta ama senak batzuetan triste
egongo dela esaten dit.
-Triste jartzeko
denborarik ez du izango, Ane.
-Benetan diotsut.
Egonezina sartzen zait gaizki pasatzen egongo dela pentsatzen badut.
-Ikasi behar dute
beren kabuz ibiltzen. Alaba baino tristeago zaude zu bere falta
somatuta.
-Paktu bat egin
genuen udalekura joan baino lehen. Egunero ordubietako eguzki
indartsuari begiratuko geniola biok batera. Eguzki izpiek nire
maitasuna bidaliko ziotela esan nion. Eta eguzkia begiratzen dudan
bakoitzean tristura sartzen zait. Ume handi bat dirudit, Nekane.
-Lehen aldia da
alabarengandik banatzen zarela. Normala da.
-Horrela izango
da. Jan dezagun urdaiazpiko goxo hau eguzki sarrerak odol hustuta
utzi nau eta.
Meson Bidea
Berri, Karkizano Kalea 9, 20001, Donostia.
Montadito
deritzon urdaiazpiko pintxoa.
Argazkia: Nikos Economopoulos.
No hay comentarios:
Publicar un comentario