Orain arte zalantza izpiren batek egonezinda utzi izan
bazaiztuzte ez kezkatu gehiago. Neronek diotsuet. Ni neuk konfirmatzen dizuet ez dagoela
dudarako ezbairik. Lasai lo egin dezakezue, argi eta ozen baztertzera noa eta zuen
susmoa. Ni ez naiz zuek pentsatzen duzuena. Liburu horiek idazten dituena. Are
gehiago, ez dut bere literatura ezagutzen. Bere idazkera. Eta aitortu behar dut
eskaparateetan ondotxo erakartzen nautela bere liburuen izenburuek eta portadek.
Emakume (edo gizon) honen inguruan sortu den mitoak olioz blaitzen ditu liburuak
maite dituzten nire eskuak. Baina berriro diot nik ez dudala, adibidez, Adiskide paregabea liburua olio
aromatikoetan irentsi. Nola liteke, orduan, zuek ahopeka eta ezkutuan pentsatzen
duzuena? Bere libururik irakurri ez badut, ondo pentsa daitekeen bezala, nola
idatziko nituen? Horixe bertan da, beraz, esatera noanaren frogarik fidagarriena. Ni ez
naiz Elena Ferrante.
Misterioa da pertsona bati lotu diezaiokegun atributo
adiktibo eta iradokitzaileena. Sekula asetuko ez duzun desertuko egarri larri
eta infinitua. Pertsona misteriotsu batetiko sentituko duzu kuriositate sutsu
eta desesperatua. Desira kitzikatzaileena. Beti gehiago jakin nahi. Dakizuna
beti da gutxi. Behar hori asetuko duen plazer isilak aurkituko zaitu
noizbehinka. Baina gozamen hori tanten dosifikazio jakintsuak elikatuko du. Esaten
da Elena Ferrante Italian jaiotako emakume edo gizon baten pseudonimoa dela eta
ederki gordeta dutela bere editoreek idazlearen anonimatoa. Misterioa Italiarekin nahaspilatzen da horrela. Lurralde
horretako artearekin, amestera zaramatzan edertasunarekin eta argiarekin.
Koktel indartsu hau, tentazio guztiak piztuz, bertako zaporeekin fermentatzen
da eta ardo ezin goxoagoak sortzen dira. Eta benetan eta zeharo mozkortzen
zaitu idazle batek piztu dezakeen jakin-minaren espezie pizgarriak, zure burua
flotatzen utziko duen edariak. Baina beti tantaz tanta.
Elena Ferrante idazleak ondo toreatu ditu argitaletxeak.
Hauek dira, izan ere, liburu bat argitaratzean idazleak bidaia komertzial
nekagarrietara behartzen dituztenak. Elena Ferrantek, ostera, idazketaren zati
golosoena dastatzen du: idatzi eta idatzitakoaren harrera beroa jaso zulotxo
lotsati batetik begiratuz. Ez elkarrizketa, ez hitzaldi, ez sinaketa, ez
argazkirik. Eta aldi berean hainbat printzipio gogoraraziz ere bai. Kasu honek
erakusten baitu literatura eta orokorrean sorkuntza zer den bere muinean eta
zer ez. Alegia, idazleari edo artistari utzi egin behar zaiola bere lan
bakartian mina arnas bilakatzen. Ferranteren kasuan, idazle honek demostratu du
bere bakardade isila dela lanaren motoreaz gain, bere marketing kanpainaren
lelo bikainena. Jarrera diskretu hori idazle
mediatikoekin kontrajartzen da. Eta Ferrante, buru-belarri, arteari entregatuta
imajinatzen dugu eta ez beste ezerri.
Bere obra bat euskaratuta dago. Eta ederki kateatu dira
hortaz idazlearen aura misteriotsua eta nondik datorren ez dakigun
hizkuntzarena. Karanbola bitxi honek misterioa zein indartsua izan litekeen
azpimarratzen digu. Pertsona bati buruzko datu gutxi batzurekin garunak gaztelu
ikaragarriak eraiki ditzakeela. Italiakoa izanik Ferrante –hala bada behintzat-
nik bere liburuak inspiratzen dituzten -gazteluak ez- iturriak ditut presente.
Honela, idazlearen iturri literarioek Italiako bestelako iturri liluragarriekin
bat egiten dute nire garunean. Adibidez, Fontana de Trevi bezalakoak horrelako idazle baten inspirazio eta
emankortasunarekin parekatuko nituzke. Ahoak zabaltzen dituen artearekin.
Ikusiko-al-dut-berriro-hau-nire-bizitzan pentsatzera eramaten zaituzten
obrekin. Bizitzan behin gertatzen diren momentuekin. Hasieran esan dizuedan
bezala, Elena Ferrante izenaren atzean aurkituko ez nauzuela argi uztera nator.
Nire hitzak, horregatik, ez datoz Fontana de Trevi ederretik. Are gutxiago nire
idazkera. Oso bestelako iturri batetik jausten dira nire ideiak. Herrixka
batean, parkeko haurren jolasen artean, euren egarri izerditsua asetuko duen
iturri xume batetik.
Argazkia: Elliott Erwitt.
No hay comentarios:
Publicar un comentario