Bada Tahúres Zúrdos musika taldearen abesti berezi bat. Aurora
Beltran abeslariaren ahotsak erabat
probokatuko zaitu urdin kolorearekin Azul deritzon abestian. Liluragarria da koloreek
ikusmena eskatzen duten arren,
aipatutako abestiak entzumena nola konkistatzen duen kolore bati kantatuz. Belarrietatik
bihotzera zuzentzen da Beltran urdin kolorearen poetikan kateatuz. Ez dakit
abestia entzun eta gero liberatua sentitzen den bat edo, aldiz, urdinarekin zeharo
hiltzatuta: nire ama hain da urdina dio letrak. Sukarra urdina da, nire ilea
urdina da, nire hegoak, delirioa, nire ahotsa, garuna urdinak dira, hotza ere urdina
da… Azul abestiaren letrak arte piktorikotik ere edaten du momentu batean: “Nire
arropa eta bizitza margotu ditut koadro urdin batean”.
Artean murgilduz gero, berehala datorzkigu urdinarekin
Picassoren lan goiztiarrak. Historialariek bere bizitza etapetan sailkatzen
dutenean “Garai urdina” etiketarekin antolatzen dute aro bat. Bizitzako garai (urdin)
eta triste batean zegoen orduan Malagako pintorea; artearen frekuentzian aurkitzen
zen jada, baina aldi berean gaztetasunaren sentimendu bortitzei ihes egin
ezinik. Aurora Beltranekin bat letorke Picasso “hotza urdina da” dionean.
Urdinaren etapan kolore honen hoztasuna erabili nahi izan baitzuen Picassok
bizi zituen beldurrak eta nahigabeak irudikatzeko. Dena urdinez zipriztintzen
zuen eta bere garai honetako koadroek oso atmosfera berezia dute ondoren
etorriko zen kubismoaren zantzuak bereizi ezin direla.
Kolore urdina tristeziarekin lotu dezakegula erakusten digu
Picassok baina –eta hemen dator kontraesana- baita poztasunarekin ere. Gogora
dezagun bestela “La joie de vivre” izenburua daraman koadroa. Bizipoza
margotuta geratzen den Picassoren koadroan, kolore urdina horiarekin nabarmentzen
da. Bizipoza urdina da, esatera behartuta legoke horrela Aurora Beltran bere
abestian. Bizitza hiltzen duen zerbaitetik urruti geratuko litzateke hala
urdina. Are gehiago, sormenaren kolore bezela ikusiko genuke. Hona hemen kolore
honek nola korapilatzen gaituen bizipoza, delirioa, hotza, tristezia, edota aldi
berean, bizitzarekin. Ideia hauek zerbait argi uzten dute. Alegia, koloreei
ematen diegun esanahia erabat arbitrarioa dela. Koloreek ez dute berezko
esanahirik, guk askatasunetik ematen dizkiegunak baino. Urdina orain izan
daiteke feminitatea sinbolizatu dezakeen kolorea, ondoren maitasuna irudikatuko
duena eta berandu baino lehen sufrimentuaren islada izango dena.
Koloreak erabiltzen dituen arteak amestera garamatza, arteak
elikatu egiten gaitu, arteak bizirik sentirarazten du bat. Bere lenguaia,
baina, arbitrarioa dela pentsatzeak absurdoaren parez-pare jartzen du bat. Handia
dena txiki bilakatzen du nahi gabe. Horregatik, Beltranen abestiari jarraituz,
hegoak edo garuna urdinak direla esatera eramaten gaituen ideia sorkuntza hutsa
dela konturako gara, olatuak eramango duen hondarrezko gaztelua eraikitzea
bezala. Berdin izan lirateke arrosak edo naranjak. Sorkuntza sinboliko hori liluragarria
dela ez dago zalantzarik. Dudarik gabe, artearen mundura gonbidatu zintuen
pertsona ezagutzea ere beste sorkuntza itzela den bezala. Zeren artea maite
duen orok miresten du edertasunaren mundu horretara bultzatu zuen persona, dela
unibertso horri buruz pasioz hitz egiten ziolako, dela obra ezagunen berri eman
zionean astinduta sentitu zelako. Horregatik, edertasunarekiko sentsibilitatea
piztu zizun pertsona zure memoriatik ezabatzea ezinezkoa da. Baina pertsona
hori topatu izana, artearen sinboloen moduan, zerbait arbitrarioa al da?
Absurdoa? Beste norbait izan zitekeen era beretsuan? Agian, zergatik ez, nahiago
duzu honen beste irakurketa bat, hain zuzen, horrelako obrekiko sentitzen duzun
zirrara patuak eman zizula. Zoragarria da pentsatzen jarrita, liluratzen
zaituen koadro batek zu hunkitzeko egin duen bidaia luzeaz jabetzea. Gertakizun
kate hori arbitrarioa edo absurdoa iruditu dakizuke, baita patuak idatzitakoa
dela edo Jainkoak erabaki zuela.
Zein koloreetakoa da artea? Beltranek urdina dela esango
luke, agian. Bere ahotsak Azul abestian badu indarra, errebeldia eta
sentsibilitatea. Artearen osagaia ezinbestekoak dira denak. Osagai hauek,
ordea, zein kolore ematen duten batek daki. Bere kantak, baina, ez al zintuzke berdin harrapatuko adibidez gorri kolorearekin? Edo berdearekin? Sorkuntza kate amaigabe baten aurrean
gaude eta joku horretan parte hartzen baduzu, konturatu gabe arteak bere
korrontean irentsiko zaitu: artea ez da zurea izango, zu izango zara artearena.
Bere berriemaile moduan hasiz gero Jainko txiki bat bezala sentiaraziko zaitu. Horrela
agian, nork daki, zu egun batean beste Jainko handi baten esku geldituko zara
eta norbaiti artearen min hori sentitzeko azala prestatuko diozu. Jainko
txikiak eta Jainko handiak honela bat egingo duzue dantza berean. Orduan
norbaiten memorian eta bihotzean itsatsita geratuko zara betiko. Honela, testigu
bat esku batetik bestera pasatzea bezala, gezurren egien konplize bilakatuta, artea
piztu zizun pertsona ekarriko duzu pentsamendura esker onez, nik orain bezala.
Argazkia: Henri Cartier-Bresson.
No hay comentarios:
Publicar un comentario