Nire burua zerbaiten ihesean harrapatzen dudanean “Merkatari aberatsaren morroia” deritzon ipuina gogoratzen dut, Bernardo Atxagaren istorio liluragarri hori, lehen aldiz irakurri nuenetik sekula ahaztu ez dudana eta zuk oraindik ezagutzen ez baduzu ziur zeuregatuko duzuna. Oroimenean itsatsita dudan kontakizun honek nire pentsamendua hartzen du gotorleku, adibidez, konpromezu bati alde egin nahi diodanean edo pertsona bat urrutian utzi nahirik, nolabait hanka egin nahi dudanean. Aipatutako ipuina patuaren eta askatasunaren arteko hari fin horrek igorritako tintaz idatzita dago. Gure bizitza erabakita al dago? Bizitza dadoen jokoa al da? Ala ajedrez partida bat? Heriotza despistatu al dezakegu bizitza pixka bat luzatuz? Errenditzea al da hoberena?
Azken bolada honetan asko oroitzen naiz ipuin honetaz baina
ez da ni ihesi nabilelako. Errefuxiatuen dramak pizten dit ipuina buruan. Idomeni,
Kios edo Lesbos hitzek Atxagaren Ispahanera naramate, aipatutako ipuinera. Orduan
merkatari aberatsaren morroia imajinatzen dut. Bagdadeko merkatuan dago erosketak
eginez, bat batean, Heriotza azaldu den arte, errefuxiatuen jatorrizko
herrietan bezala. Morroia beldurtuta dago beltzez jantzitako gizona ikustean.
Are gehiago keinu egin diola konturatuta. Heriotzaren keinua bizitzaren
amaierara iritsi den ideiarekin lotu du. Akabo, azokatik irten da etxera
abiatuz. Merkatari aberatsari zaldi azkar bat eskatu dio ihesa ahalbideratuko
diona. Ispahango huri apartatura doa abiadan, bizitza jokoan duen
egonezinarekin. Urrutira alde egin nahi du morroiak, urrutira. Antzeko ihesa
aukeratu dute errefuxiatuek mafien edo bidaia inposibleen bitartez. Bagdadetik
Ispahanerako bidea edo Siriatik Europarakoa, beraz, ihesarena bilakatu da,
tranparena, askatasunarena?, arrain batzuek harrapatzaileak engainatuz euren
azala kolorez aldatzen duten bezala.
Bitartean, merkatari aberatsa, bere morroiaz kezkatuta,
Bagdadeko azokara abiatu da Heriotzarekin hitz egitera. Galdetu dio ea zergatik
egin dion amenazuzko keinua bere morroiari. Heriotzak erantzun dio ez dela
amenazuzko keinua izan, harridurazkoa baizik. Harritu egin da morroia Bagdaden
ikusteaz, Ispahanetik hain urrun, alegia. Bertan hartu behar baitu Heriotzak morroia
gauean, Bagdadetik hain urrun dagoen Ispahanen. Heriotzari ihes egitea, horrela
kontatuta, mamu beltzaren ahotik sabelera zuzentzea bezala litzateke, patuaren
azken sonetoak sortzea.
Baina hor ez da bukatzen istorioa. Ipuinaren amaierak,
hainbat bertsio ditu eta miresgarria da morroiak Heriotza despistatzen duela
kontatzen duen hori. Ispahango ispilu denda batean gertatzen da, bidaia luzea
eta gero, Heriotzak eta morroiak egunsentia gertu dutelarik. Ispiluek
erreflejatzen duten guztietatik zein da benetako morroia? Heriotzak ez daki
zein den bere harrapakina eta zein bere irudia islatzen duen ispilua. Joku hau
posible egiten du literaturak ipuinaren bigarren bertsio honetan eta segundu
batez bada ere, bizitza hilezkor gailendu zaio bere etsaiari.
Patuaren eta bizitza guk geuk idatzi dezakegula sinistera
eramaten gaituen askatasunaren arteko talka hori dabilkit, bada, bueltaka nire
imajinazioan telebistako albistegietan errefuxiatu-esparruen irudiak
bazkariarekin edo afariarekin nahasten zaizkidanean. Lesbos edo Idomeni Ispahan
dira, esaten diot nere buruari. Eta ispiluak gero eta errefuxiatu gehiago
erreflejatzen ditu. Arazoa hazten doa. Errefuxiatuek euren jatorrizko herrietako
ankerkerian ikusi dute Heriotza eta urrunera ihes egin dute bizitzaruntz. Batek
daki, ihesaldi horretan Heriotza ez ote den ariko aipatutako harridurazko keinu
hori egiten. Nola ote da posible Greziako kostetan zanpatuko duen pertsona, hain urruti dauden Sirian, Afganistan edo
Pakistanen ikustea lehenago? Atxagaren Ispahango huri apartatua, Lesbosekoa
izan liteke. Europatik apartatu nahi
ditugun biktimen beste hiri sinbolikoa da. Batzuek ihesean Heriotzaren eskutik irentsiak
izatearen patua zeramaten eurekin. Errefuxiatu-esparruetan bizirik dirauten
pertsonen errealitatea oso bestelakoa da, baina ez dakit bizirik dauden
hildakoak ez ote diren euren bizitza-balditzak ezagutu ondoren, euren neke
emozionala kontutan hartuta, bizitza duinetik apartatua izatea sentitzeak
suposatzen duen infernuarekin. Gogora datozkit Espainiako Gerra Zibilaren
kontestuan ihesean alde egin zuten batzuen patuak. Espainiatik ustez ihes egin Parisera, bertan erbestean
bizi ondoren, Bigarren Mundu Gerran kontzentrazio-esparru nazietan amaitzeko.
Ihesa abentura arriskutsua bezain hilgarria litzateke horrela.
Martxoaren 20ko Brusela eta Ankararen arteko paktua albistegietan
ezagutu dugu lotsaren eta ulertezintasunaren artean, eta hainbeste traje eta
korbatek ez digute biktimen bizitzekin konektatzera eramango gaituzten enpatia
piztu. Hain zuzen ere, hori eskatu behar baitiegu gure albistegiei edo
Europatik datozen erabakiei: anestesiatik urrundu eta enpatiara eramango
gaituzten kontakizunak. Errefuxiatuen drama hezur-haragituko duten
testigantzak, aurpegiak, izenak. Diskurtso legaletik diskurtso etikora eramango
gaituzten istorioak. Non geratzen dira giza eskubideak? Zer zirrikitutatik doaz
horiek ere ihesbidean? Legala den oro al da, bada, etikoa?
Diskurtso ofizialari galdera hauen erantzuna eskatzea,
baina, gehiegitxo ez ote den pentsatzen dut, zoritxarrez. Bestela ez genituzke errefuxiatuak
-Europako betaurrekoekin- ikusiko ikusten ditugun bezala, hau da, pertsonak ez
balira bezala. Identitate gabeko masa galdua eta kriminala bailiran.
Gerratearen zama gainetik kendu ezinak ematen dien inor-ez-naiz etiketarekin.
Kazetari askok salatzen dute hori eta txalogarria da egiten dutena. Are gehiago
euren lana mugatzen saiatzen direla jakinda. Batzuetan, ordea, zerbait falta den sentsazioak,
gehiagoren gose uzten nau. Agian literaturak edo zineak ematen diguten
begiradaren beharrean nago. Horiek eskeiniko dizkidaten kontakizun enpatikoen premian.
Ni horrelako istorioen zain nago, bederen. Zeren idazle edo zinegile horiei
esker izango dugu urte batzuk barru errefuxiatuen dramaren fikzio hunkigarriena
eta benetakoena. Batzuek Europa edo Ispahan bidean Heriotza nola despistatu
zuten kontatuko dute euren obretan. Edo Heriotzaren atzaparretan nola erori
zirenen istorioak ezagutuko ditugu. Agian ezer egin ez genuen damua
sentiaraziko digute, biktima bezala ikusi ez genituela salatuz. Zalantzarik
gabe, biktima horien artean, idazle asko egongo da drama horren fikzio borobil
bat jada buruan duena. Ideia horiek gauzatu daitezen baino ez dut eskatzen.
Literaturak justizia egiterik baleuka bezala. Obra horietan, beranduegi ez
bada, gure morroiaren edo errefuxiatuen sufrimenduarekin bat egingo dugu. Eta,
jakina, istorio horiek itsatsita geratuko zaizkigu, niri Ispahan bezala.
Argazkian: Jorge Semprún. Holandara ihes egin zuen Espainiako Gerra Zibilean. Ondoren erbestean bizi izan zen Frantzian eta bertatik Bigarren Mundu Gerran, Buchenwald kontzentrazio-esparru nazira deportatu zuten. Esperientzia hau kontatu zuen ondoren bere liburuetan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario