viernes, 7 de diciembre de 2012

Gabon-bezpera



Nik ere bidali nahi dizuet,zuek nahi izanez gero, nire hitzezko gabonetako postcard edo txartel nolabaiteko hau. Nork irakurtzen nauen ez dakidan arren jakinaren gainean nago irakurle kopuru polit batek jarraitzen dituela nire bizipozaren bideko hitz hauek. Izan ere horretan bihurtu nahi izaten ditut nire blog honetako artikulu eta pentsamenduak: bizitzaren aurkikuntzan egiten dudan bidean nire aztarna utziko duten bertan botatako ogi-apurrak. Ez dira gehiago eta ezta gutxiago ere. Inondik inora ere ez da erraza niretzat astero kontatzeko zerbait izatea. Ideiaren bat buruan ez badut ia ezinezkoa egiten zait hemen idaztea. Eta honen harira uste dut zuhurra dela isilik edo idatzi gabe egon behar dudanean hori egiteko askatasuna hartzea. Dena den, estimu handiz jasoko nuke –jaso izan dudan bezala- nire ogi apurrak jarraitu dituzuen seinalea dela nire artikuluren bat irakurri duzuelako, dela niri hemen jorratzeko gai bat proposatu nahi didazuelako.

Badoa 2012 urtea oroitzapenen kutxara. Baina hori iritsi aurretik etxea atontzen saiatu naiz urteko garai honek eskatzen duen eran. Atera ditut hor nonbait gordeta zeuden hautsez beteriko kaxatik urtean zehar ondo (eta batzuetan ez hain ondo) portatu naizela frogatuko duten apaingarri guztiak. Eta konturatu naiz kaxa gris hori irekitzen dudan bakoitzean neskato txiki baten azalean jartzen naizela. Era berean, kaxa hau urtean gertatu diren gauza guztiek niregan eduki duten eraginaren neurgailua izaten da, alegia, ilusio-erreserbak gorago edo beherago aurkitzen ditut den Abenduaren arabera. Horrela, zuhaitza jartzen hasi naiz  eta aurten nolako ikutua eman nahi diodan erabaki beharrean aurkitu naiz: gorri kolorea nagusitzea nahiago al dut? Urte honetan ditudan bola guztien nahasketa moduko bat egitea erabaki dudanean ohartu naiz 5 urte nitueneko bola berberak ikutzen ari bai baina nire begirada beste bat dela. Jaiotza atera dudanean berriro ukitu ditut txikia nintzenean hainbesteko majia eragiten zizkidaten figuratxoak. Ia kolorea ere joan zaiela pentsatu dudanean heldu da nire eskuetara Baltasar eta oraindik beltza dela igartzen zaiola konturatu naiz. Benetako harridura piztu didana Jaiotzako argi txikiak oraindik funtzionatzen dutelaz jabetzea izan da: “lehen egiten zituzten iraunarazteko artikuluak” pentsatu dut. Bai iraun ere. “Eta nola ziren hain emankorrak eta fantasia eragileak Nazimientuko figuratxo simple hauek?” “Nola utziko dut txerritxo hau bera baino txikiagoa den zubí honen ondoan?” Ondoren “Niño Jesús” deitzen diogun txokoa apaintzen hasi naiz. Jarri dut, bada, Jesús haurtxoa bere saskian eta segidan txinatarren dendan erositako Orienteko Errege Magoak. Horra hor non jabetu naizen Far West-etik datozela ekialdetik ordez, nire etxeko erregeak. Barregarria izan da moldaketa nolabaitekoa egin beharra izan dudala erregeak beren tokitik etorrarazteko. Ez al dakite, ba, txinatarrek inguru horretatik abiatzen direla Meltxor, Gaspar eta Baltasar honuntz? 

Errege Magoak ezezik Txinatik albiste pozgarria ere heldu da nirera: Gabriel García Márquez da Beijing-en argitaratu den zerrenda baten arabera Ibai Horiaren Estatuan gehien saltzen den idazleetako bat. Txinatarrak ere liluratuko ote dira idazle kolombiar honen magiarekin? Txinak mugitzen dituen txanpon guztiak kontutan hartzeko modukoak dira dirua egin nahi duen edonorentzat baina García Márquezek ere mugitzen dituen bihotzak ere ezin dira alboratu. Edonola ere, ni konformatuko nintzateke García Márquez bezalako idazle baten liburua Far West-etetik, Kolombiatik ala edonondik helduko balitzait nire eskuetara edo zuhaitz azpira. Kaleetara behitzat heldu dira gabonetako argiak. Urteak igaro dira, baina, konturatzeko maite ditudan pertsonen begiak direla nire gabonetako argiak: Eguberri on! 

No hay comentarios:

Publicar un comentario