Gutxinaka-gutxinaka agur esan beharrean
gaude udari. Badator pittinka-pittinka udazkena. Gero eta hurbilago
dugu. Adio egin behar diegu hortaz erritmo lasaiei, udako
gehiegikeriei, hitzez eta hotsez beteriko gauei, hondartzari,
argiari. Eguna mozten hasi den heinean ikasturte berria nolakoa
izango den aurreikusten du jendeak. Datorkigun denboraldi berria nola
antolatu behar dugun pentsatu behar da. Denbora guztia izatetik,
denbora gutxian moldatzera pasako gara.
Laster hasiko dira –hasi ez badira
jada- telebistan itzulera-operazioa nola doan berri ematen. Berri
ematen diot beste zerbait ez esatearren. Zeren festak, suteak eta
beroa bezalako gaiak alde batera utziko dituzte telebistetako
albistegi-editoreek errepideetan itzulera-operazioa nola doan
azaltzeko. Segidan etorriko dira zenbat hildako egon diren inguruko
albisteak. Izan ere telebistan eguneroko bizitzan bezala agenda bat
jarraitu behar omen da. Gai-agenda bat. Eta ikasturte politikoa
estreinatu baino lehen hiritarrak udako azken albisteen orbitan
mantendu behar dira beste pixka bat bada ere. Infotainment
delako fenomenoak esango nuke –informazioa eta entretenimendua
uztartuz- udan ukitzen duela bere gailurretako bat.
Ez dakit zuei baina niri oporrak
bukatzen diren adinako pena ematen dit batzuetan telebista ikusteak.
Bertatik ateratzen diren soinuak leihoa zabalik lo egitean iristen
zaizkigun hitz eta ahotsen doinuaren antzekoak dira. Hori baita udako
gauek ematen didaten plazerretako bat. Leihoa zabalik dudala lo
egitea eta jendearen joan eta etorriak erdi lo nagoela sumatzea.
Argi dago tamalez edo zorionez ez
ditudala hitz hauekin informazioaren mareak aldatuko. Baina nire
etxeko telebista itzali dezakedala sentitzeak plazerra ematen dit.
Horrela hasi nahi dut hain zuzen, ikasturtea eta zuei gonbite bera
egin nahi dizuet. Ikasturte berriari eskatu nahi dizkiodan proiektuen
inguruan hausnartu nahi dut isilpean. Horrela hurrengo hilabeteetan
erdietsi nahi ditudanak eta bete nahi ditudan lorpen pertsonalak
isiltasunean agertuko zaizkit nire pentsamendura.
Alde batetik pozik hartzen dut eguna
moztearekin batera kanpotik barrura aldera egiten dugun
ibilbidearekin. Bestetik ordea, zerk ordezkatu dezake iluntzeko
argitasuna toki guztietara heltzen dela ikustea? Uda ala negua izan
aldatzen ez direnak elkarrizketak dira. Telebista itzaltzearekin
batera elkarrizketan tartekatutako isiltasunean egotea animatzen
baitzaituztet hemendik. José Saramagok zioenez, esaten ditugun
hitzek eta egiten ditugun keinuek gure autobiografía ez
intentzionatua osatzen dute. Nire kasuan nire amarekin egiten ditudan
elkarrizketak ditut maite. Berarekin hitz egiten dudalarik
isiltasunean egoten naizenean adinako ideak agertzen zaizkit nire
barne-mintzoan. Ordenatu egiten zaizkit ideiak berarekin berba
egitean. Zentzu honetan ez du axola ikasturte berriarekin zerotik
berriro hasteak. Uda ez da amaitzen. Nire udaren jarraipena da bera:
nire ama.
Fotografía: Martine Franck
No hay comentarios:
Publicar un comentario