Bada aspaldi honetan Donostian edonon ikus daitekeen
graffiti bat. Nik iazko neguan ikusi nuen lehen aldiz. Urtarrileko arratsalde
ilun eta euritsu batean barrenera iritsi zitzaizkidan hitzak izan ziren
graffitian irakurri nituenak. Ez baitu irudirik graffitiak. Hitzak bakarrik.
Baina hitz apasionatuak dauzka. Zubipeko pasadizo batean
deskubritu nuen esaldia. Nire ibilbidean nindoanean tunelera sartu nintzenean. Trenak
gaineko zubitik pasatzeari ekin zion eta beti bezala zalaparta beltz bat entzun
zen behean geundenen belarrietan.
Hilerri batean
harrapatuta nago, pentsatu nuen segundu batean nire belarri hotzekin zubipe
horretan nindoanean. Hau da Hades bezala ezagutzen dugun zulo handi hori. Afari
usainik gabeko hildakoen egoitza handia. Zein ongi dauden hor goian bizirik daudenak, esan nuen. Zein ongi
dauden. Trenak
norabide bakar bati jarraitzen baitio beti goikoen munduan. Zubiaren gainean. Ez
doa Brinkolara edo Madrilera makina hori. Bizitzaruntz doa beti trena goikoen
munduan. Bero-bero doaz gainera bidaiariak. Eta ni hemen behean hilik aurkitzen
naiz. Jainko batek nire odola berriz berotzeko irrikitan. Jainko batek berriro
bizitzera joateko agindua emateko zain. Bizitza berri batera pizteko. Ez, ez
dut trenaren gurpil astunen oihartzun izoztu hau berriro zubipean entzun nahi. Inoiz
ez, errepikatu nuen nazkatuta. Zubiaren gainean esnatu nahi dut bihar, zin egin
nion nire buruari. Bizitzaruntz joan nahi dut trenean.
Eta tunelaren amaieran
ikusten zen jolas parketik ume baten oihua iritsi zitzaidanean, erreskate bat eskatu
nien Jainkoei. Inbidia nien bizitzaruntz zihoan treneko bidaiariei. Ez nuen
gogoko beraien algara ni hilerri busti
batean nengoen bitartean. Arimen mundutik urrun, gogoa nuen berriro trenean
ezagun batekin hitz eta pitz joateko. Alboko pertsonaren zapatei so bere
bizitza imajinatzeko. Zeharka begiratuz zein liburu irakurtzen doan asmatzeko. Egun
amaierako bere izerdia eta perfumea nire sudurreraino iristen direla somatzeko.
Lehen aldiz maitemindu den nerabe baten moduan geltokiak begiradarekin abiadan
irensteko. Neska edo mutil hori ikusteko falta diren geldiuneak zenbatuz. Bizitzaruntz
doan trenean, neguko leiho lurrinduetan non goazen bereizteko gogoa nuen.
Legorretan ala Ikaztegietan. Gasteizen ala Dulantzin. Gure arnasek
bizitzaren lurrin hori eteten ez duten bitartean.
Eta gutxien espero
nuenean hitz batzuek bizirik egoteko gogoak areagotu zizkidaten. Groseko tren geltokiaren zubipeko horma garbi-garbi batean irakurri nituen. Aurrerantzean askotan
aurkituko nuen graffitia zen. Kaleko arte kategoria zuten hitz horiek. Kaleko poesia, pentsatu nuen. Koaderno
baten lehen orria irekitzea bezala izan zen hitz horiek irakurtzea. Maiteminak jota zegoen pertsona
baten koaderno berezia zabaltzea. Maite zaitudalako sortzen dut jartzen zuen.
Nik orri txuriak sortzen
duen beldurraz galdetu nahi nion bihotza apurtua zuen amorante horri. Nondik
etorri zaizu Maite zaitudalako sortzen dut esaldiaren inspirazioa? Zer min duzu
esaldi hori asmatzeko? Hizkien grafia aztertu nuen ea horrek pistarik ematen
zidan. Tarte horretan grafologo bat izateko eduki behar diren trebeziei buruz
pentsatzen egon nintzen. Hitz horien formetan utzitako pistak identifikatzea
posible balitz agian graffitigilea topatuko nuelakoan.
Maite
zaitudalako sortzen dut bezelako esaldiak poetenak dira,
pentsatu nuen tunelaren amaierako argiari begira. Donostiak poeta sekretu bat
dauka guk jakin gabe. Agian izarren argiekin hormak idaztera ateratzen
dena. Zauriak balira bezala, bere hitzak spray beltzarekin sendatzera abiatzen
dena. Eskuetan arima sendatzeko ukendu bat duelakoan. Paseo Berrian, Haizearen
Orrazian, Kontxan, Zurriolan, non ez zuen aurrerago Maite zaitudalako sortzen dut idatziko poeta honek bere mina
akabatzeko? Bere maitasuna deklaratzeko? Baina enigma misteriotsuena beste bat
zen. Nor da poeta honen musa ezezaguna? Nor kalean poesia oparitzen digun
iturri emankor hori? Irrifarra ateratzen digun maitale hilezkorra? Horrelako
esaldiak erdituarazten dituena? Hilik ala bizirik egongo den ez dakigu. Baina donostiarrek
zerbait zor die pertsona horri, hausnartu nuen.
Auskalo, agian gure
poetak hiru edo lau aldiz eskatu dio ezkontzeko musa horri, pentsatu nuen
trenaren biletea erostean. Eta gure graffitigilearen nahigaberako musak ezetza
eman dio. W. B. Yeats idazleari gertatu zitzaion bezela. Maud Gonne omen zen Yeats-en musa handia. Ez bat, ez bi… Lau
aldiz ez zela berarekin ezkonduko jakinarazi zion emakumea izan zen Maud Gonne.
Hori gutxi balitz, edonor etsitzeko moduko ezezko hauek eskertu egin behar
zizkiola esaten ziona. Gonne anderea eta bere ezezko guztiak Yeats-entzat inspirazio
iturri bilakatuko zirelako. Maite zaitudalako
sortzen dut hitzek horregatik Yeats eta Gonne gogora ekarri zizkidaten. Maitasun mingarri hura sormenerako itzela izan zelako. Gonne itsu maitatzeagatik Yeats-ek sortu egiten zuelako. Batek
daki, poeta irlandarrarena zen agian Maite zaitudalako sortzen dut esaldia. Beharbada, berak idatziko zuen
bere maitea omentzeko. Bizitzak ezin zuena hitzek betirako elkartzeko.
Eta Yeats buruan nuela,
ez dakit geltokiko bozgorailuko ahots batek edo Jainkoek azken aldiz hitz egin
zidaten. Baina zetorren koska batekin jabetu nintzen bat batean neguko zapatak
jarrita nituela. Oinak berriro bero sentitzen nituela. Nire pausoen jabe
nintzen eta zerbait hastera banindoan bezela geltokiko eskailerak igo nituen. Irrifarra
nuen aurpegian. Berehala hartuko nuen trenak, arteak bezela, bizitzaruntz
eramango ninduen.