jueves, 26 de julio de 2018

Udako euri tanta bat neukan zuretzat patrikan gordeta



Arraroa, berezia, desberdina. Benetakoa eta bakarra. Zure eserlekutik kanpo uzten zaituena. Aurreiritziak akabatzen dizkizuna. Horrelakoa nahi nuen izan gaur zuretzat. Gaur, bihar eta beti. Belarritako desberdinak jarri nahi nituen belarri bakoitzean zuretzat. Udako gau sargori batean toldopean bururatzen zaizkigun ideien antzera. Ilargi betea dagoenean. Eta bat batean esango nizuke. Badakizu? Erokeria bat esan behar dizut. Euri tanta bat daukat patrikan zuretzat gordeta. Udako ekaitzek ekartzen dituzten tanta lodi eta epel horietako bat da. Masailean fereka leun bat oparitzen dizuten horietakoa. Musu bat bezala. Zure arropa busti ordez, margotu egiten duena. Hori neukan zuretzat gordeta. Uda zati bat lientzo batean. Nire bizitzako udarik urdin eta horiena. Udako euria oso probokatzailea da. Edan egin nahi duzu iturri batetik bezala. Zure egarria betirako asetzeko, betirako. Eta hori nahi nizun egin. Begirada batekin zirikatu, busti, piztu. Ur tanta baten harira. Eta abesti bat gordeko balu udako euri tanta batek Ipod txiki batek gordetzen duen bezala? Momentu horri doinua jarriko lioke U2 taldeak euskeraz. Nire patrikatik euri tanta ateratzen nuen bitartean bururatutako abestia. Zure irrifarraz kateatuta botako zenizkidan begiradei, esaldiei, keinuei haria jarraituz. Eta jarraian iluntzeko kanpaikadekin batera euri zaparrada batek betirako bataiatuko gintuzke. Baina zer gertatuko litzateke ondorioz? Ia konturatu gabe nire euri tanta kaleko baldosetan labainduko litzatekeela. Eskuetatik igerian ihes egingo lidake. Kaleetan gora eta behera. Zigarro-puntak eta hautsa irentsiz. Euriak zoruari barniza eman bitartean. Emakumeen takoiak entzun bitartean. Ekaitza igaro arte haur baten katiuska horietan itsatsi arte.

Gauza txikien balioaz jabetuko ginateke orduan. Euri tanta bat galtzearen tragedia enkajatu beharko genuke. Gure behatzetan edukitako ur tanta dirdiratsuari deiadar egingo genioke. Uda, uda da! Itzuli zaitez, gaua hastear da! Gaua, algara, festa. Festa, festa eta festa gehiago! Hori esango genioke. Eta errima horiez jabetuta dantzan jarriko ginateke beldurra balkoitik botaz. Uda da, uda. Beraz edan gaitzazu argiaren soinekoa jantzita. Zuk badakizu zurrut batean gu irensten. Eta ondoren udako euri tanta hori aurkitzeko iragarki bat idazten hasiko ginateke. Inoiz ikusi dugun urik ederrena galdu dugu kalean. Urik gardenena. Brillante bat, perla bat, diamante bat zen ur hori. Bere mineralek bihotza alaitzen zuten. Bere gatz eta azukreen zipriztin txikiek. Sudurrean jarri dugu eta miraria gertatu da. Itsasotik lainoetara doan bizitzaren oihartzuna iritsi zaigu. Ez dugu ur tanta edan eskutik ihes egin digulako. Gure eskuak gurinezkoak zirelako une horretan urduritasunez. Musu bat eman nahi genion istant horretan. Gure bi ezpainek batera musu leun bat eman. Maite zaitugu esanez. Maite zaitugu. Eta ondoren bizitzaren elixir batek merezi duen bezela edan egingo genuke. Edan, euri tantanak barrena ondo igurtzi arte. Hilezkorrak al gara orain?

Baina iragarkia idatzi ostean negarrez hasi naiz. Nire bizitzako negarraldia izan da. Sabeletik irtetzen ziren malkoak eta ez begietatik. Mina barren-barrenetik zetorren. Nire bizitzako aukera galdu dudala jabetu naiz. Euri tanta bat oparitzeko aukera berriro izatea zailegia da bizitzan bi aldiz aurkezteko. Gauza arraroak ez dira sarritan presentatzen. Eguneroko abentura bitxiak. Poesia oparitu nahi nuen. Emozio gordin bat. Zure garunean betiko itsatsiko banintz bezela. Zure bihotzean. Ur tanta horren poesiari esker. Pegamentu bat behar nuen bakarrik ur tanta horrekin nahasteko. Ukendu misteriotsu bat sortzeko. Lady arraro bat zuretzat izateko. Deseroso sentiarazten zaituen Mademoiselle edo Berlineko musa bat nahi nuen izan uztaileko iluntze honetan eta nire bizitzako aukera galdu dut. Horregatik egiten nuen negar. Eta zuk samina kendu nahi zenidan baina ez zitzaidan hori gustatzen. Ez nizulako zama hori zuri egokitu nahi. Eta bat-batean nire negar tanta bat hartu ondoren “begira” esan didazu. Zure malko bat nahi dut betirako gorde. Nire malko bat? Nire tristezia ez da poesia. Udako euri tanta bat ostera, bai. Nire malko bat whisky kopa batera bota daiteke eta kontrola galdu arte mozkortuko zara. Kaleetan ito arte. Zoruan, hormetan, zebra-bideetan, hauek igarotzen ahaztu arte. Tristura eta alkohola lagun minak direlako. Pozoina da tristura. Nik ez dizut tristezia oparitu nahi. Nire tristezia nirea da. Nik ezagutzen dut bakarrik nire pozoina. Nik soilik egin dioezaioket aurre. Zuk ez duzu edertasuna ulertzen erantzun didazu. Edertasuna? Edertasuna esan dut nik. Eta malkoak garbituz elkar begiratzerekin batera, begiraden desiran erortzearekin batera, elkarren begiak jaten hastearekin batera lehen musua eman diogu elkarri. Olatu baten golpea izan da sabelean, aurpegian, nire sexuan. Musu batek beste bati jarraitu dio eta maindireek izerdi tantak irentsi dituzte. Plazerra gorde nahi nizun eta ez tristezia. Nire bizitzako plazerra, pentsatu dut sabaia begiratuz. Sabaian iltzatu dira nire begiak, pentsamenduak, desira txuri eta beltzak. Kolore guztiak. Eta, bai.  Berriro zuretzako gordeta nuen euri tantaz gogoratu naiz. Non zaude? Non zaude, maite?  

Galdutako euri tanta gure kabuz aurkitzeko kalera atera garenean eskutik heldu didazu eta orduan ni izan naiz deseroso sentitu naizena. Zer ari da gaua hasi baino lehen hau niri eskutik heltzen? Oraindik kalean jendea dabil. Jende asko dabil. Ezagun batek ikusiko nau eskutik emanda eta nire lotsak zanpatu egingo nau. Baina ez zait ezer kostatu euri tanta berreskuratu behar genuen beharraz mutila konbentzitzea. Erraza izan da eta ez diot hortaz eskua askatu. Nire atzetik etorri da. Nire atzetik, ogi egin berria gose den norbaiten ahora doan bezala. Bigun-bigun jarraitu nau logelako atetik irten naizenean. Eta non zaude, non zaude egin dugu oihu eskutik helduta. Garaiz da oraindik gugana itzultzeko esan diogu euri tantari. Zatoz gugana marea jaisten denean hondartzara joateko. Jendartean galdu gara eta kalean barrena jarraitu dugu. Taberna batetik foie usaina zetorren eta bat-batean ume despistatu bat jarri zaigu gure bidean. Katiuskan zerbait sartu zaiola esan dio bere amonari. Amatxi esan dio. Eta makurtuta katiuska itzuli duten une horretan zerbait gertatu da. Zerbait, zerbait itsatsi zaigu abesti bat bezala. Gure bizitzako musika izateko iritsi da, antza. Inoiz inon entzun ez den melodia bat. Eta euri tanta batetik ahots bat irtetzen hasi dela ikusi dugu. Ume baten ahots goxo bat. Zuretzako patrikan gordeta neukan udako euri tanta horretatik. Atertu duenean izan da dena. Nire sabelean bizitza berri bat hasi den une horretan bertan. Mundu honetara, kale heze honetara, bizitza sentitzeko kimika honetara etorri da. Euri tanta batetik atera den ahots, musika, olerki hori. Jaio eta hilko den bizitza berria da. Gaur, bihar eta beti.

Argazkia: Chris Steele-Perkins. Iturria: Magnum Photos. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario