Bizitza marrubizko txikle goxo bat mastikatzea denean.
Edo tiobiboen ondoan saltzen dituzten azukrezko laino arrosen apar axolagabea. Bai,
bizitzaren festa horrek dena sendatzen duenean. Den-dena, mon amour. Oh, mon Dieu! La vie en rose. Zenbat irauten du, baina,
zure ahoan eztanda egiten duen marrubizko txiklearen zapore fresko horrek? Bizitzako
une samurrak bezala, oso gutxi. Maitemintzean gertatzen den bezala. Enamoratzea
ahoan marrubizko txikle hori sartzea baita. Zure maiteaz gehienera jota ere urte
betez egongo zarelako itsu maiteminduta. Irrifar batekin lo hartzen duzula. Zure
garunak ezin du biologikoki maitasunaren (eta gloria horren) kimika denbora gehiagoz
sortu. Urte betez baino besterik ez. Eta horrek, txikleak bezala, zorion
laburretarako diseinatuak izan ginela islatzen du. Ba al du abantailarik?
Zein da zure misioa bizitza honetan? Pozaren
aparretan gaudenean ez diogu gure buruari hori galdetzen. Sufrimenduari zergati
bat bilatzen saiatzen ari garenean aldiz, bai. Bizitu ditugun gozamenekin
gertatzen ez den bezela, igarotzen ditugun sufrikarioei asko zor diegu. Gure
misioaz hausnartzera eramaten gaituzte. Bizitzarekin sintonizatzen laguntzen
digute. Benetan axola duenarekin bakarrik uzten gaituzte. Baina jakina, ez
musutruk. Misio horiek azaleratzeko mina behar da bizitzan, mina. Tori txikle
bat eta istorio labur bat kontatuko dizut. Bazen behin Jainkoarekin haserretu zen gizon bat. Bizitzaren
bidean bere pausoen aztarnak begiratzen zituenean pertsona bakar batenak
ikusten zituen. Zergatik ez zara nirekin egon nire nahigabean gehien behar
zintudanean? Hori da Jainkoari leporatzen ziona. Ez zegoela bere presentzia jainkotiarra
lekukotuko zuen pistarik bidean. Abandonatu egin zuela,
alegia. Gehien behar ninduzunean nola abandonatuko zintudan, ba? Bide horretan
ikusten dituzun aztarnak nireak dira bakarrik. Zureak ez dituzu bereizten nire
besoetan sostengatzen zintudalako. Horrela gindoazen biok bide mingarrian. Hori
erantzun zion Jainkoak.
Beti liluratu izan nau istorio horrek. Eta baita artearen
eta sufrimenduaren arteko harreman emankor eta misteriotsuak. Artisten patu
zailek, bizitutako traumek edo edukitako adikzioek. Nola izan daiteke artean sufrimendua
hain errentagarria? Ba minaz jotako artisten zerrenda amaigabea da. Artearen edo
literarturaren historian zehar paseo bat
ematea besterik ez da behar hortaz jabetzeko. Eta paseoa aipatuta, El paseo idatzi zuen Robert Walser izan
daiteke hau islatu dezakeen artistetako bat. Bi hamarkada baino gehiago Herisau
izeneko sanatorioan bizi izan zen idazle bereziaz ari natzaizu. Eromenaren
hatzaparretan bezala literaturaren alturetan ibili zena. Eta atsekabea zer zen
ondo ezagutuko zuen Walser jaunak, kalanbre gozo bat ematen duten hitz batzuk
idatzi zituen obra honetan. Sufrimenduak ausardiaz gainditu izanak sentiarazten
du harroen gizakia. Hori esan zuen. Atsekabeak oparoak izan daitezkeela
erakutsi zigun. Baina, jakina, bere neurrian. Krisiek ere dosi jakin bat behar
dute sanoak izateko. Orduan bilakatzen da mina botika misteriotsuan.
Dosiak dosi, gure bizitza minaren eta plazerraren
balantzan jarrita lehenengoak duinagoak egiten gaitu. Bai. Gogorra den arren, malkoek
eta sakrifizioek gure onena ateratzen dakite. Are gehiago, min hori gure egiten
dugunean ez diogu inori eman nahi. Gure altxorra baino ez delako. Bizitzako une
erabakiorrenak emateagatik. Garena izatera ekarri digun musa izateagatik. Horregatik, krisirik gabeko bizitzek edo zamez arin doazen
pertsonek ez dute pena merezi. Dosi egokian bada (eta hori eskatzea posible
balitz?) ez dugu kontrakorik desiatu behar. Txikleen kimikak ez du inor konbentzitzen.
Gure mihian hasi eta bukatzen den fantasia labur hori. Bere neurrian, sufrimenduaren
kimikak hobeto egiten dio gizakiaren garunari. Bizitzari zerbait eskatzekotan, beraz,
ez dezagun bizitza horren onena ateratzen lagunduko digun elixir hori ahaztu. Alegia,
mina. Musek hori zurrupatzea dute gogokoen. Eta ez agian hainbeste txiklearekin
globoak egitea.
Argazkia: Elliot Erwitt, 1952.
No hay comentarios:
Publicar un comentario