Bizitzak hori
ulertzeko prestatu ninduela zirudien, nolabait. Esaldi bat irakurtzen behar
duzun denbora laburrean gauza asko neureganatuta nituela sentitu nuen. Blaise
Pascal ezezaguna nuen arren, bere hitz batzuk niregana iristean gertatu
zitzaidan. Gizon zentzudunak munduan ditugun arazo guztien iturri posible bat aurkitu
zuen. Eta diagnosiak istant batean konbentzitu ninduen. Munduko gatazka guztiak
gela bateko bakardadean isilik egoteko ezintasunetik zetozela esan zuen. Bere
hausnarketa laburra bezain sakona egin zitzaidan. Alegia, mikroipuin baten
argumentu perfektu bat izan zitekeela eta jakina, baita ume baten heziketarako inspiratzailea
ere. Horregatik agian, esaldi hura pilula txiki handi bat bezala irentsi nuen eszena
hura irudikatzen nuen bitartean. Pertsona
bat, kasu honetan haur bat, bere gelan bakarrik eta lasai imajinatuz.
Zer egin daiteke
gela batetako bakardade isilean? Edo beste era batera
esanda, zer ez dugu egin nahi horrelako egoera batean? Zerk abiarazten gaitu ihesaldi
urduri horretan? Pentsatu nuen, hain zuzen, bizitzan sentsazio horretatik
urrundu nahirik gabiltzala askotan. Era kontzientean batzuetan eta baita
konturatu gabe ere besteetan. Baina beti aitzakiaz josita. Batez ere gure
buruari kontatutako aitzakiekin. Pascal-ek atzemandako ihesaldi hori egiteko
beharra hezituko bagenu, aldiz, bake handi baten jabe bilakatuko ginateke. Eta
bake handi hori milaka biderkatuko litzateke pertsonaz pertsona barreiatuko
balitz. Bakardadez bakardade. Gela huts horietan. Izan ere, bizitzak kontatzen
digunaren arabera, batzuk bakardadeari lehen musua eman gabe joaten dira mundu
honetatik. Lehen musu arrotz hori euren haragitan sentitu gabe. Musu horiek
ematen ikasi ezinik.
Gero eta mundu indibidualistago batean bizi gara eta espazio
pertsonal baten beharra dugu. Autonomia horren beharra sintoma ona da, baldin
eta gure burua maite dugun bezala bakardade horrek bestea errespetatzera
eramaten bagaitu. Enpatia horretatik abiatuta bada, bakarrik egotea gozamen
iturri bikaina bilakatu daiteke. Batez ere, zutaz betetzen duzulako zure burua.
Zure konpainia atsegina izatera iritsi daitekeelako. Intimitate horretan
bizitutakoak uzten duen arrastoa oso bestelakoa da eta zure buruarekin eduki
dituzun bakarrizketak nekez ahazten dira. Porrot batean edo lorpen baten aurrean
izandakoak, adibidez.
Denok ikusi dugu irudi hori. Futbol talde batek kopa
bat irabazten duenean egiten duen garaipen alardeaz ari naiz. Euforia kolektibo
horrek nolabaiteko talde kohesioa dakar zalatzarik gabe eta hutsune asko
betetzen ditu. Baina beste zentzu batean masak mugitzeko gai den mugimendu
horrek ahuldadea erakusten du. Zergatik dira, ba, garaipenak taldean
ospatzekoak eta porrotak isilpean bizitzekoak? Benetako ospakizunak ez al dira
norberak bere buruarekin egiten dituenak? Pascal-ek deskribatu zuen bezala, bizitzen
ikastea gela batean isiltasunean egoten jakitea da. Gela horretan garaipen
kopak edo porroten malkoak izan arren.
Argazkia: Dennis Stock, 1958.
No hay comentarios:
Publicar un comentario