Erahiltzen nautenean ez
dute antzemango erahil nautenik. Nire janarian edo edarian pozoina jartzen dutenean
izango da. Kotxe batek harrapatzen nauenean. Sikario baten eskuak odolez
zikintzen direnean. Tortura baten ametsgaiztoa ezagutzen dudanean. Pistola
baten disparoa eta gero nire belarriek ezer entzuten ez dutenean. Edo ironiaz Virginia
Woolf omenduz ibai batera nire abrigoan harriak ditudala botatzen nautenean. Nire
buruaz beste egin dudala emanez.
Gas isurketa batek
betirako lo uzten nauenean gertatuko da. Anestesistak ebakuntza batean
adostutako hutsegite bat izaten duenean ni berriz inoiz ez esnatzeko. Edo hospital
publiko batean erditzen dudanean odol gehiegi isurtzen dudanean. Parranda baten
ostean norbaitek labana sabelean jarriko dit, agian. Eta lapidazio batek
akabatuko nau. Edota botikari anker batek prestatutako burundanga spray baten
ondorioz nire buruaren jabe eurak egingo dira. Eta atentatu yihadista batek
eramango nau. Hori dirudiko du, behintzat. Istripu bat izan dela. Bestela sute
batean harrapatuta geratuko naiz. Bahiketa eta bortxaketa baten ostean hiltzea
tokatuko zait. Nire gurasoei tamalez beltzez janztea baino ez zaie geratuko. Bizitzako
azken plazer iturria moztea lortuko dute. Agian oraindik asmatu ez duten moduan.
Eta azkenean beraien helburua erdietsiko dute. Argi bat betirako itzaltzea. Hori
udako egun eder batean itsaso gris batek irensten nauenean izango da.
Gauero lo hartzen
dudanean hil egiten naiz. Baina zorionez ez oraingoz aipatutako modu
krudeletan. Testigurik gabeko erahilketa bat gertatzen da nere logelan gauero. Mesanotxeko
argi txiki hori itzaltzean izaten da. Ilargia gaua zaintzera irtetzen denean. Hiltzailea
ez dut ikusten baina beti berdin jokatzen du. Ni hiltzearen lan zikina egitea
ez zaiola axola, antza. Gustoko ditu lan zikinak. Badirudi berarentzat erahiltzailea
izatea ohore bat dela. Gauero nire begiak putz eginda ixtea jolas bat
dela. Jolas dibertigarri bat. Alegia, ia eskertu egin behar dudala berak ni erahiltzea.
Norbaitek zure begiak putz eginda ixtea erromantikoa dela. Martiri bat izatea. Baina
nork egiten die putz nire begiei?
Nire hiltzaileak egunean
zehar gaua itxaroten egoten dira. Maite dute egunean zehar ni gauera nola pixkanaka-pixkanaka
iristen noan ikustea. Hilketa geldo baten agonia ikuskizuna da beraientzat. Gaueko
erahilketa horren azken detaileak planifikatzea gustoko dute. Min handiena nola
lortuko duten aztertzea. Biktima nola aztarnarik utzi gabe deshumanizatu
dezaketen ideatzea. Planifikazio horretan anfora bat izaten dute ondoan. Anfora
horretan niri egunean zehar agortzen zaidan energia gordetzen dute altxor bat
bezela. Hor babesten dutena baita ni hiltzea errazten duena. Nekea, alegia. Nekearen
tanta bakoitza. Izan ere, eguneko lanorduen nekeak hiltzen nau gauero. Eta neke
horren gudariek bai esaten bakarrik dakite. Emakume hori hil? Bai, erantzuten
dute. Gaur gauean egingo dugu hori. Hori da, erantzuten du jefeak. Honela egiaren
eta justiziaren zerbitzura lan egingo duzue. Neska hau bezalako langileak gauean hiltzea ez al da oso
bidezkoa? Hiltzaileek eta jefeek oraindik
ez dakite egun batean “zer egin dugu?” esango dutela. Oraindik ordea irratiko
esatarien ahotsa imitatzen dute ni egunaren bukeran agortzen noan heinean. Horregatik,
inportanteak sentitzen dira gauero. Sinistu egiten dute beraien lana. Ordaindu
egiten diete gainera.
Hil eta gero ordea jaio
egiten naiz. Zortzi orduko lanaren nekea pisutsua bada ere, mirariak existituko
balira bezela, loak zama hori arindu egiten du. Hurrengo egunean indarberrituta
esnatuko naizen egiak ez dit hutsik egiten. Eta dena hobeto ala okerrago berriro
hasten da. Loaren azken tantak agortu egiten dira eta anfora hori berriro izerdi
tantarik gabe hutsik jartzen da. Egun berri batera jaiotzen naiz. Badakit edozer
gerta daitekeela. Dena posible dela. Gaur ere argitu du, xuxurlatutzen dit
ahots batek ohean. Eta egunsenti batek nire begiak konkistatzen ditu. Berriz
ireki dira. Gertatu da miraria. Begiak zabaldu egin dira betazal hauek nahi ala
ez. Edo nire maitalearentzat ni lo ikustea eguneko saririk onena bada ere. Goizalba
iritsi da, esaten dit maitaleak edo iratzargailuak. Gaur aukera berri bat duzu.
Maitaleak edo
iratzargailuak esnatu, goizeko zazpietan batzuetan maindireak desiratzen ditut gehien.
Horrela gertatu ohi zait niri astegunetan behintzat. Esnatzeko momentua nahi
baino lehenago iristen denean. Beste egun batez, beranduegi lokartu ginela jabetzen
garenean. Ez, gaur ere ez dituzu zortzi ordu lo egin, leporatzen dit
iratzargailuak. Tori merezitako zigorra. Horra hor gaua maitaleena den
ekuazioaren emaitza borobila. Egun osoan zehar airean borobilak eginez ibiliko
zarela. Aho zabalka igaroko duzula eguna. Hori jakinda, iratzargailuari bost minutu
gehiago eskatzen dizkiot jaiki baino lehen. Eta azken bost minutu horiek gau
osoko minutu gozoenak izaten dira. Esnatu aurreko segunduen atzerako kontaketa
hori. Bizitza berri batera iritsi aurreko momentua. Bost minutu gehiagorekin
nahi adina lo eginda bezala jaikiko naizela sinesten dudan momentua. Gaueko
azken bost minutu horien emankortasunak adorea ematen du edozertarako.
Baina zer izango ote dira
orduan gaueko azken bost minutuen ordez, bizitzako azken bost minutuak? Hori
galdetzen diot nire buruari logelako iluntasunean. Egunaren hasieran, ez dakit
zergatik, bizitzaren bukaeran
hausnartzen dudanean. Azken bost minutu horietan. Nola amaituko da dena? Nire
bizitza zuzentzen duen gidariari galdetzen diot. Iratzargailu maltzurretik
baino maitale sutsutik gehiago eduki dezan erregutuz. Ez nazazu haizeak hautsa
bezala eraman. Oraindik ez. Eta horrela egunari
ekiten diot.
Argazkia: Larry
Towell, 1994. Iturria: Magnum Photos.