domingo, 4 de febrero de 2018

Inoiz dastatuko ez dudan txokolatearen lurrina dago airean




Ikasle batek sarri esaten zion bere irakasleari zein ondo usaintzen zuen. Andereño, badakizu gauza bat? Oso ondo usaintzen duzu! Bai? Benetan? Eta hitz polit hauek oparitzen zizkion bitartean ia bere sabelean sartzeroinoko besarkada ematen zion lau urteko neskatilak andereñoari. Bere gerrialdean betiko itsatsita geratuko balitz bezala. Irakasleak lore hori entzutearekin batera arnasa sakon hartzen zuen zetorkion pentsamenduari lekua egiteko. Besarkada hori ondo gordetzeko. Eta nere usaina nonbait betiko gordeta geratzen bada? pentsatzen zuen irakasleak beldurrez. Nere perfumearen usain hau inoiz zimelduko ez den larrosa bada?  4 urteko neskatilak besarkatzen zuen bakoitzean sudurrarekin erregistratzen zuela somatzen zuen. Ondo konturatuta zegoen hartaz andereñoa. Horregatik ez zuen ahazten spray miragarri hori. Goizero komuneko ispiluaren aurrean bere burua perfumatzeko erabiltzen zuena. Bai, ondo gogoratzen zen eskolaruntz irten baino lehen, fris! spray-arekin airea zipriztintzeaz. Keinu errutinario batean, bera perfumatuko zuen zurrunbiloa sortzeaz. Ondoren mila loreen usain horrek ihes egin gabe presaka laneruntz abiatzeko.

Haurtzaroan kateatzen zaizkigun usainak ez dira inoiz gugan hiltzen, pentsatu zuen bidean irakasleak. Ezta zaporeak ere. Eta kalean zihoan bitartean Van Gogh-en ekiloreen koloreko ate bat zabaldu zitzaion bere barrenean. Usainen eta zaporeen gordailuan. Bat batean azaldu zitzaion bere memorian gordeta zegoen ate hori-hori bat. Gogoratzen zara ate hark gordetzen zuen usain hartaz? galdetu dio 8 urteko neskato batek. Oroitzen al zara nire adinarekin zer usain maite zenuen? Ez zen perfume baten usaina. Zure andereñoaren ipuin bat entzuten zenuen bakoitzean zure bizitzako usain goxoena iristen zitzaizun imaginaziora. Munduko txokolate goxoenarena. Charlie eta txokolate fabrika ipuina entzuten zenuen bakoitzean gertatzen zen. Zure andereñoak eguneroko dosi jakintsuetan banatzen zuen txokolate bero-bero hura. Literaturaren katilura zerbitzatzen zen edari intentsoena. Extasia mihiaren puntan! Festa amaigabea garuneko bazter hezeetan. Garratzaren eta gozoaren oreka perfektua. Sekretu bat errebelatzen zuen zure ahoan. Munduan bakarra zen txokolateak. 

Roald Dahl idazlearen ipuin honetako Charlie-k egunero berdina errepikatzen zuen. Egunak joan egunak etorri dilista baten tamainuko txokolate zatia jaten zuen. Gehiagoz ezin zen baliatu. Wonka txokolatina txiki bat besterik ez zeukan hilabeteetarako. Gurasoek eta aiton-amonek oparitzen zioten txokolatina hori bere urtebetetze egunean. Elkarrekin batera bizi ziren familiako partaide txiroek. Egunero jaten zuen zati txiki hori. Baina, txokolate apur hori zorion gotorleku handitan biderkatzen zen. Eta egunero berdina egiten zuen horrelako txokolate zati batek ekarriko ziona jakin gabe. Wonka txokolate fabrikan egiten ziren txokolatina horietako batek bizitza aldatu zion arte. Charlie-ren istorioa entzuten zenuenean begiak zabal-zabalik egoten zinen, esan dio neskatoak. Ahoa, berriz, txokolatearen matiz txikiak asmatuz. Eta Charlie-ren eguneroko kakao zatitxoa zuk behar zenuen literatura dosiarekin nahasten hasi zen. Gogoratzen zara? Ate hori-hori bat zuen gela batean geunden zu eta ni. Eta behin ate horretatik desio sutsu batekin irten zinen. Andereñoak kontatzen zizun Charlie eta txokolate fabrika liburua erostea erabaki zenuen. Auzoko liburu dendara joan zinen aurreztutako diruak Wonka txokolatea zure esku artean jarriko zizula sinestuta. Liburuak Wonka txokolatearen lurrina  botako zuela pentsatuta. Haurtzaroko esperantza eta desio inozoetan iltzatuta.

Txokolatezko liburua erosi zuen neskatoa urte batzuen buruan andereño bilakatuko zen. Bai, txokolatea maiteko zuen. Liburuak erostea ezerk baino gehiago poztuko zuen. Baina paperak aldatuta, berari tokatuko zitzaion ipuinak kontatzea. Wonka fabrika bezalako tokien enbaxadorea izatea. Inoiz dastatuko ez ditugun gauzen inguruan unibertso bat sortzea. Istorio baten bitartez mundu bat konkistatu izana erakustea. Azken batean norbere burua konkistatu izana.

Van Gogh-en ekiloreen koloreko atea itxi egin zen andereñoa eskolara iritsi zen ostiral goiz euritsu hartan. Lanerako bidea 8 urteko neskato batekin egin zuela sentitu zuen aterkia poltsan gorde zuenean. Duela urte batzuk bera izan zen 8 urteko neskarekin. Gelara sartu eta bere burua usaindu zuen. Euria eta perfumea arnastu zituen. Inoiz dastatuko ez dudan Wonka txokolatearen lurrina somatu dezaket, pentsatu zuen. Airean dago. Eta birikak zabalduz arnasa hartu zuenean lehen ikaslea iritsi zen gelara. Egun on! Berehala iritsiko ziren beste guztiak atzetik. Baita zer ondo usaintzen zuen esaten zion neskatila ere. Eskola hartako ateak txuriak ziren. Eta auskalo ikasle horien memorian nola zabaldu eta itxiko ziren. Oroitzapenak ekartzeko. Edo usain bat airean barreiatzeko, agian.     

Argazkia: Jean Gaumy.