viernes, 2 de septiembre de 2016

Eskolara!



Jatetxe batean nago eta ondoko mahaian bikote bat dago bere seme txikiarekin bazkaltzen. Jostailu deigarri bat du haurrak plateraren ondoan. Plastikozko eskabadora alboratuta duen janari garestia baino interesgarriagoa dela dirudi. Hala ere, zerbitzaria adi dago umearen eta gurasoen desirak asetu nahirik. Mutikoaren ile argiarekin bat egiten duen eskabadora horia nahikoa izango ez balitz bezala, bere aitak telefono mugikorra jarri dio beranduago aurrez aurre. Umea ezbairik gabe, pantailarekin hipnotizatuta geratu da eta gurasoak lasai geratu dira. Tarteka goilara sartzen diote marrazki bizidunek irekita mantentzen duten ahotxoan.

Denok ezagutzen dugu eszena hau. Hiru urteko haurraren arreta xurgatzen dutenak ez dira gurasoak, ez da janaria edo mahai gainean dauden lore politak, kopak, mantel leuna. Ez da niri txikia iruditu arren haurraren begientzako hain handia izango den jatetxeko komedorea. Mahai eta aulkiz osatutako laberinto zirraragarria. Ondo dakigun bezala, telefono mugikorreko marrazki bizidunak dira haurrarentzat protagonistak.  Eta guztiok jarraian egiten dugun galdera hauxe da: laster eskolan hasten denean, nola jarriko dio arreta ume honek irakasleari?

Oso bestelakoa da beste ume batzuen egoera. Marruekosekoa den Zahira-k lau ordu behar ditu egunero Atlaseko mendiak zeharkatuz eskolara joateko. Heldua izaten denean medikua izan nahi luke. Kenyako Jackon izeneko mutila berriz, bi ordutan iristen da eskolara bere bizitza arriskuan jarrita. Elefanteak arriskutsuak dira eta bere bidea zelatatzen dute. Etorkizuneko ametsa piloto bezala, hegazkinez munduari buelta ematea da. Patagonian bizi den Carlitos ostera, zaldiz abiatzen da egunero eskolara bere arrebarekin. Animaliekin duen senari jarraituz albaitaria izan nahi du. Badaki horretarako asko ikasi beharko duela eta horregatik ez da kukiltzen eskolara joateko ordu eta erdi behar badu. Indiako Samuelek aldiz, ez du hainbeste denbora behar eskolara joateko. Baina egin behar duen bidea gurpildun aulkian egin behar du. Plastikozko aulkiari bi gurpil jarri eta aparatu bitxiari bultza egingo dion norbait aurkitzea beharrezkoa da.  

Hauek dira  Pascal Plisson-ek “Camino a la escuela” deritzon dokumentalean aurkezten dizkigun testigantza miresgarriak. Hainbat eta hainbat ume eskolara bidean jarriko baita egun gutxien buruan. Eta perezari edo ikasturtearen bertigoari aurre egiteko antidoto bikaina da izugarrizko arrakasta izan zuen dokumental duin hau ikustea. Alperkeriari aurre egiteko ez ezik, jakinduria konkistatzeko egin beharreko bide luze eta neketsua ere gogora ekartzen digu. Dokumentaleko heroi anonimo hauek egiten duten ibilbidean ikasteko duten irmotasunak, eta gainera, pozak ikuslearengan indarra pizten baitu. Adituak diotenez eskolan ikasten denak baino eragin handiagoa dauka eskolaz kanpokoak. Zahira, Jackon, Carlitos eta Samuelen kasuan, irakurtzen ikasteko edo ingelesa menperatzeko egunero egiten duten bideak, bizitzarako funtsezkoak diren giza baloreak erakusten dizkiete. Horrez gain, esfortzu noble horrek ikasgelan deskubritutakoak finkatzen ditu eta horrela ez dago ikasgelan ikasitakoaren eta ikasgelatik at egindakoaren artean talka arriskutsurik.

Gogozko tokian aldaparik ez dagoen adibide liluragarria duzue dokumental honetan aurkezten zaizuena. Kutsatu gaitezen bada ume horien irrikaz, jakinminaren grinaz. Eskolara bidean egin beharreko bide infinitu horiek bezala, jakiteak eragiten duen poza ere amaigabea dela erakutsiko digute. Eta nik bederen ez dut imajinatzen bide malkartsu horretan jatetxean ikusi dudan haur mutua. Ez gaur eta are gutxiago hemendik hamar urtera.

Argazkian: Carlitos bere arrebarekin.